Ihes egiteko premia bizia sortuko dizun thriller psikologiko japoniarra
Pasillo amaigabea, irteera bakarra eta akatsik egiteko tarterik ez. Errepikatzen den "scape room" batean egotearen sentsazioak katigatu ditu ikusleak.
Iaz Cannes jaialdian aurkeztu zen 2023ko bideojoko batean oinarritutako film hau, eta zeresana eman zuen. Genki Kawakuraren Exit 8-k zale asko lortu ditu ordutik.
Kazunari Ninomiya aktoreak gorpuzten duen "Gizon galdua" da protagonista. Tokioko metroan doala, gizon batek emakume bati umearen negarragatik kargu hartu diola konturatuko da. Handik gutxira, neska-lagunak deituko dio haurdun dagoela esateko eta zer erabaki hartuko duten galdetzeko. Asmak joko du orduan, eta amaigabea dirudien lurrazpiko pasillo batean harrapatuta geratuko da.
Paretetako jarraibideei jaramon eginez, zortzigarren irteerara jo beharko duela jakingo du. Bidean anomaliarik edo ezer arrarorik antzematen badu, atzera egin beharko du, eta bestela, berriz, aurrera egin. Huts eginez gero, hasieratik ekin beharko dio.
Ohiko elementuekin jokatzen du pelikulak, eta giroaren bidez sortzen du ezinegona eta ihes egiteko gogoa. Esperientzia psikologiko itogarria bilakatzen da ikus-entzulearentzat, eta errepikapenak, isiltasunak eta aldaketa txikiek tentsioa aregoatzen dute. Ikuslea bera ere egoeraren parte sentitzen da, eta bere pertzepzioa eta arreta gaitasuna proban dagoela irudituko zaio. Mugitutako kartel bat, aldatutako begirada bat, ireki den ate bat edo mehatxu bihurtutako ezezagun baten irribarrea antzemateko gai ote zara?
Protagonistaren modura, pareta zurien artean ibili beharko du ikusleak ere, topatuko dituen pertsonei eta bestelako elementuei adi. Bakoitzak bere gatazkak edo kezkak ditu, eta erabakiak hartu beharko dituzte, errepikapenez eta ezohiko gauzez betetako ziklo horietan. Nolabait, gure bizitzan erabakiak hartzeak, ardurak eta errutinaren pisuak duten eragina islatzen du.
Interesa piztu badizu, Movistar Plus+en eta Prime Videon ikus dezakezu.