Igor Legarretak 'Inurri itsuak' filma estreinatuko du urrian
Urriaren 9an estreinatuko dute zinemetan, eta Itziar Ituño eta Urko Olazabal dira protagonistak.
Igor Legarretaren hirugarren film luzeak Inurri Itsuak izena du, eta urriaren 9an estreinatuko da zinemetan. Zinemetan bakarrik estreinatuko dela jakinarazi dute gainera. Filma Bizkaiko hainbat tokitan grabatu dute, hala nola Bilbon, Elorrion, Galdakaon, Getxon, Gorlizen eta Mundakan.
Igor Legarretak berak eta Andoni de Carlosek idatzitako filma Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas eleberrian oinarrituta dago. Eleberriak Nadal Saria irabazi zuen 1961ean, eta 1930eko hamarkadako biziraupen istorioa kontatzen du.
Istorioa Bizkaian kokaturik dago, 1935ean. Denborale gogor baten ondorioz, ontzi ingeles bat hondartu egin da, barruan ikatza duela. Gauean zehar, Algortako bizilagunak kostaldean pilatzen dira "urre beltza" erreskatatzeko. Sabas Jauregik zorte-kolpe gisa ikusten du; Josefa bere emazteak, berriz, zantzu txar gisara. Haren eskaerak aintzat hartu gabe, Sabasek ekaitz bortitzerantz eramango ditu seme-alabak. Familiak direnak eta ez direnak egingo ditu ikatza babesteko. Izan ere, negutik salbatuko ditu, ala betiko kondenatu.
Urko Olazabal eta Itziar Ituño dira aktore protagonistak, eta haiekin batera baita Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, eta Carlos Santos ere. Horiez gain, Unax Hayden, Patxi Bisquert, Dani Cabrera, Kimetz Etxabe, Markel Cocó, Anuk Puertolas eta Elena Uriz ere aritu dira aktore lanetan.
Igor Legarreta (Bilbo, 1973) Ikus-Entzunezkoetan lizentziatua da eta hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu. Gidoilari lanetan ere aritu izan da, eta telesailetan zuzendari lanetan ere aritua da. 2017an bere lehen film luzea plazaratu zuen: Cuando dejes de quererme. 2020an Ilargi guztiak pelikula egin zuen, eta urrian bere hirugarren lan luzea estreinatuko du.