Igeriketa sinkronizatuaren edertasuna argazkitan
Joko Olinpikoek hainbat kirol diziplina azalerazten dituzte baina nabarmentzekoa da igeriketa sinkronizatuan ematen diren mugimendu bateratuek sorrarazten dituzten irudiak. Brad Walls argazkilariak gustuko du gisa horretako irudiak betikotzea.
Sony World Photography Awards 2021 sariketan finalista izan den Brad Walls argazkilariak igeriketa sinkronizatuaren perspektiba berezia eskaini digu berak ateratako argazkietan, forma geometriko perfektuak eta sormen handiko irudiak erakutsiz. Water Geomaids izeneko lanean diziplina hau beste ikuspegi batetik erakutsi digu, dron batekin ateratako plano zenitalen bidez. "Igerilari sinkronizatuek sortzen dituzten forma eta patroien inguruko irudi eskasiak harritu egin ninduen. Urpeko igeriketa, gimnasia, tenis eta balleteko argazkiak atera izan ditut eta, beraz, kirol hau ere nire estetikarekin bat dator; simetria eta sinkronizaziorako joera dut nire lanean, gaia edozein izanik ere", azaldu du Wallsek bere azken lanaren inguruan.
Proiektu hau gauzatzeko Katrina Ann-ek zuzendutako Sidneyko igeriketa sinkronizatu talde batekin egin du lan argazkilari australiarrak. Ann koreografoak Commonwealth-eko jokoetan parte hartu izan du eta baita hainbat Munduko Txapelketetan ere.
Argazkietako protagonistak aurkitu eta gero, hainbat kirol artistiko izan zituen gogoan Wallsek eta paperean margotu zituen igerilekuan sortu nahi zituen forma geometrikoak. Zehatz-mehatz planifikatu zituen irudiak baina bide eman zion inprobisazioari ere: "Aurrez prestatuta ere, aurreikusi gabeko marko zoragarriren bat agertuko da beti, planifikatu ezin zena. Hori da artea".
Instagrameko bere kontuan ere goza dezakezu bere lanaz.