Igartubeiti baserri museoko 'Ars Natura' artisten egoitzarako deialdia zabalik da urtarrilaren 30era arte
Erresidentzia artistikoa otsailaren 13tik martxoaren 19ra izango da, Zerainen.
Igartubeiti baserri museoak Ars Natura erresidentzia artistikoa jarri du martxan, Barne Begiradak proiektuaren barruan. Proiektu horrek, berrikuntza sozialaren eta praktika artistiko garaikideen bidez, landa-ingurunean bizitzeko moduak aztertzea proposatzen du. Hori dela eta, aurkeztutako proiektuek lurraldean bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketak planteatu beharko dituzte, landako eta hiriko naturak kontzeptu-esparru gisa hartuta.
Erresidentzia Gipuzkoan bizi diren adin nagusiko sortzaile edo artista taldeei zuzendua dago. Artistaren eta lurraldearen arteko elkarrizketa, ingurunearen espezifikotasunaren eta testuinguruaren barruan, eta paisaiaren eraldaketaren ideiarekin lotuta dagoen adierazpen artistiko edo lan-ildo guztiak biltzen dituzten proposamenak onartuko dituzte. Argitaratu gabeko proposamen bakarra aurkeztu ahal izango da, banaka edo taldeka.
Parte hartzeko, eskatutako dokumentazioa bidali beharko da posta elektronikoz, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera, urtarrilaren 30eko 14:00ak baino lehen. Azken erabakia otsailaren 6tik aurrera jakinaraziko da. Egonaldia Zerainen egingo da, otsailaren 13tik martxoaren 19ra.
Deialdiaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.
