Korrikaren iritsiera eta egitarau oparoa izango da Bilbon igandean

Bizkaiko hiriburua zeharkatu eta udaletxean bukatuko da Korrika. Amaiera ekitaldiaz gain, hainbat ekintza izango dira hiriko kokagune

Bilboko udaletxean amaituko da, igandean, Korrikaren 24. edizioa, 2750 kilometroko ibilbidea egin eta 3.436 lekuko-hartze izan ostean. Hiriburua zeharkatu eta udaletxeko zubitik sartuko da Korrikaren karabana koloretsua. 

Udaletxean, Ernesto Erkoreka plazan, izango da amaiera ekitaldia. 12:30ean iritsiko da lekukoa eta, Venezuela plazatik, AEKko kideek mezu egilearekin batera egingo dute azken kilometroa. Orduan jakingo dugu nork idatzi duen lekukoaren barruko mezu sekretua, eta haren ahotik mezua entzuteko aukera izango dugu. 

Egitarau zabala
Adin guztietako publikoarentzako egitaraua prestatu dute hiriko hainbat gunetan. Ekintza ugari izango dira: azoka, herri kirolak, herri bazkaria, erakusketak, bertsolariak, puzgarriak eta jolasak, rokodromoa, dantza ikuskizuna, gamer gela... Musikarik ere ez da faltako eta La Basu, Añube, Bele, DJ Elepunto, eta Miserabliak izango dira bertan, besteak beste. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.

AEK-k Euskal Herriko txoko guztietatik bertaratzeko deia egin du,  eta Bilboko herritar zein eragileentzat "hitzordu ederra eta euskararen aldeko lanean segitzeko akuilua" izango dela nabarmendu dute. Bestetik, martxoaren 29a eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin, berariazko protokooa ezarri dutela jakinarazi dute. Horretaz gain, ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko gonbita egin du AEK-k.