Idazten ari dela idazten duen idazlea

Idazle izateak eta idazteak sortzen dituen ajeei buruzko kontakizun laburrak bildu ditu Zalduak. Hainbat idazle-istorio ageri dira: literatur kritikari bati adarra jo nahi diona, sariei uko egiten diena, ondoko bidaiariek irakurtzen dutenari erreparatzen diona... Umorez eta ironiaz jositako istorioak ditu; katramila politak sortuz, irakurleari irribarre bihurria ateratzen dioten horietakoak. Erraz irakurtzen da eta nork bere buruaz barre egiten ikasteko ere balio du.