Idazteko Chat GPT erabili dutenek okerrago gogoratzen dute idatzitakoa, Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera

Adimen Artifiziala gero eta gehiago erabiltzen dugu eta gure gaitasun kognitiboetan duen eraginaren inguruko kezka aregotzen ari da. Hori dela eta, galdera horri erantzuteko ikerketak egiten ari dira.

Adimen Artifiziala gure egunerokoan parte bihurtu da oharkabean. Informazioa topatzeko erabili ohi dugu, eta batzuetan baita aholkua eskatzeko ere. Azkarra eta erosoa izan daiteke, baina tresna guztiekin gertatzen den moduan, erabileraren inguruko hainbat galdera eta kezka sortu dira, esate baterako gure arretan edota pentsatzeko gaitasunean zer nolako eragina izan dezakeen. 

Bada, Estatu Batuetako MITek, Massachussettseko Institutu Teknologikoak, ikerketa bat egin du idazteko Chat GPT erabiltzen dugunean gure garunean zer gertatzen den jakiteko. 54 parte-hartzaile bildu eta hiru taldetan banatu zituzten: lehenak Chat GPT erabil zezakeen testua idazteko, bigarrenak bilatzailea kontsulta zezakeen, eta hirugarrenak inolako tresnarik erabili gabe lan egin behar zuen. Hala egin zituzten hiru saio, eta laugarrenean ChatGPT erabili zutenetako batzuek hura gabe idatzi behar izan zuten, eta alderantziz. Azken fase hau 18 lagunekin egin zuten. 

Ikerketak iraun zuen lau hilabeteetan elektroentzelografia erabili zuten garun-jarduera erregistratzeko. Bestetik, testuak aztertu zituzten, parte-hartzaileak elkarrizketatu zituzten, eta baita haien lanak ebaluatu ere.

Ikerketaren aurre-emaitzen arabera, testua idazteko Chat GPT erabili zuten parte-hartzaileek konektibitate neuronal ahulagoa erakutsi zuten, bilatzaile batera jo zutenek edo eskatutakoa haien ezagutzaren arabera idatzi zutenek baino. Gainera, minutu batzuk lehenago idatzitako pasarteak aipatzeko zailtasun handiagoak izan zituzten. 

Dena den, ikerketaren ondorioak tentuz hartu behar direla ohartarazi dute ikertzaileek, honetan adituak diren beste zientzialari independente batzuen ebaluazioa egiteke baitago oraindik. Horretaz gain, erabilitako lagina ere nahiko txikia da eta gertu dauden erakunde akademikoetakoak ziren parte-hartzaileak. Hori dela eta, emaitza ezin da biztanleria osora estrapolatu. MITekok nabarmendu dutenez, oso zeregin zehatza ikertu zuten, hau da, hezkuntza testuinguruan saiakera edo entsegu bat idaztea, eta Chat GPT bakarrik erabili zuten, eta ez AAren bestelako eredurik. 

Emaitza hauek erabat fidagarriak ez diren arren, zenbait galdera eragiten ditu: Chat GPT edo adimen artifiziala erabiltzea baino, lan guztia hark egitea ote da arazoa? Alegia, gure garunak pentsatzen eta ideiak lotzen egin beharreko lana adimen artifizialak bakarrik egitea? 

Datozen urteotan egiten ari diren ikerketek ekarriko dizkigute halako eta bestelako zenbait galderen erantzunak, baina kontuak kontu bizi-esperientzian ikusten ditugun ondorioak ere aintzat hartzekoak izango dira.