Iciar Sanchez Parraren 'Kabi' izan da Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketako irabazlea
San Telmo Museoko gastrokultura gunean ikus daiteke lehiaketan parte hartu duten beste lan batzuekin batera.
Bitamine Faktoriak eta San Telmo Museoak antolatutako HAU Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketaren seigarren edizioak sehaskaren, haurrentzako ohe txikiaren, berrazterketa proposatu du. Hogeita hamar proiektu aurkeztu dira lehiaketan eta Iciar Sanchez Parrak sortutako Kabi izan da irabazlea. Mila euroko diru-saria jasotzeaz gain, irailaren bukaera arte museoan jarritako erakusketan izango da bere lana ikusgai, epaimahaiak hautatutako beste batzuekin batera.
Epaimahaiak honela azaldu du egindako hautua: “Kabi proiektuak trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi funtzionalak eta formalak. Proiektuaren ardatz gisa iraunkortasuna azpimarratzen da, eta objektuarekiko berrikuntza sotila proposatzen badu ere, erabileran nabarmentzen da. Horrek ematen dio egungo gizartearen beharrei egokitzeko ikutu garaikidea”.
Beste lan batzuk ere nabarmendu ditu epaimahaiak: sehaska berrinterpretatzerakoan egindako ekarpenagatik, Sergio Pena Tiradoren Altzo; eta bi aipamen berezi, Oscar Rubio Solaren Hazienea eta Laxmi Nazabal Gaztañagaren Igela.
Sehaskarako aplikazio moldakorrak imajinatzen egindako ahaleginagatik ere aukeratu dituzte honako hauek: Iker Leizaolaren Nun; Itziar Sanchez Ocen, Jon Agirrebeitia, Sergio Munilla, eta Irati Etxaberen Kabi; Sandra Hermosa Morgado, Idoia Baztarrika, eta Maialen Lauciricaren Samur; eta Natalia Mastell Navioren Kai.
Lehiaketa honen helburua euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea da. Batetik, deialdiak gure tradizioaren inguruko ikerketa sustatzen du, usadioak eta ohiturak ezagutu eta berreskuratzeko; bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begiradatik.