Ibilki programak antzerki eta musika emanaldiak eskainiko ditu Iparraldean

Anita Maravillasen 'Kottondarrak' txotxongilo saioa izango da gaur, Ziburun.

Euskal Kultur Erakundeak sustatutako Ibilki programaren harira, hainbat musika eta antzerki talderen emanaldiak egiten ari dira Iparraldean, dozenatik gora. Urtarrilaren amaieran eman zioten hasiera, Hondamendia antzezlanarekin, eta otsailetik maiatzera bitarte ere bada zertaz gozatu. Azkainen, Baionan, Senperen, Ziburun, Hendaian, Maulen eta Donibane Lohizunen izango dira emanaldiak.

Gaur, esaterako, Anita Maravillasen Kottondarrak txotxongilo ikuskizuna izango da Ziburun, 15:00etan. Hauxe da emanaldiaren nondik norakoa: "Sorterriko arriskuak atzean utzita, Kotton familia hirira abiatuko da bizitza eta aukera berrien bila. Hiriko teilatu, argien eta lantegiko makina eta oihalen artean, amak eta bi alabek abentura berriak eta arrisku ezezagunak biziko dituzte. Baina, oraingoan, ez daude bakarrik eta gogor ekingo diote zoriontsu izateko nahiari". Maulen ere ikusi ahal izango da maiatzaren 5ean. 

Larunbatean, berriz, Haratago eta Alba taldeen kontzertua izango da Baionan, 20:00etan, Michel Portal antzokian. Haratago taldeak Euskal Herriko mendiko artzainen ahozko adierazpenaren indarra erakusten dute, bakarka eta a capella kantuan. Aspaldiko abestiak dira, ahoz aho transmitituak, naturari, txorien hegaldiari eta bortuko bizitzari buruzko artzain kantarien emozioak adierazten dituztenak. L’Alba taldeko artista korsikarrek ere bizi-bizia den eta etengabe aldatzen ari den musika-tradizioa defendatzen dute. 

Bestelako ikuskizunak ere badira egitarauan, tartean Besteen Kalea eta Papogorri antzezlanak, Oier Zuñigaren Eresia, Kukai konpainiaren Topa, eta Patxo Telleria eta Mikel Martinezen Ez Dok Hiru. 

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.