Iban Gonzalez zuzendariak Elbira Zipitriaren inguruan egindako dokumentala estreinatuko dute abenduaren 26an
Hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren bizitzan sakonduko du lanak, hainbat adituren eta haren gertuko kideen bidez.
Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) hil zela 40 urte beteko dira abenduaren 26an eta, urteurrena baliatuta, haren inguruko dokumentalaren estreinaldia egingo dute Donostiako Kursaal jauregian. "Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean" sakonduko duen dokumental fikzionatua dela aurreratu dute.
Gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak dira dokumentalaren protagonista eta haren istorioaren narratzaile: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.
Horretaz gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu dokumentalak, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituta. Haren jatorria eta jarduna, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa eta bertako egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua kontatu dituzte, besteak beste. Teresa Lopez de Munainek gorpuztu du Zipitria, eta Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo aktoreak ere agertzen dira.
Iban Gonzalez zuzendariak nabarmendu duenez, dokumentalak “memoria historikoaren” begiradatik egin nahi du ekarpena, baina “gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiekin lotura” eginez. “Bestalde, batetik, gutxi kontatu dugu emakume asko eta askok gerraren aurretik eta ondoren egin zuten lana. Bestetik, Zipitriaren berdinzaletasuna oso agerikoa da bere jardunean. Horretan ere aitzindaria izan zen eta dokumentalak aitzindaritza horri ere erreparatzen dio”, azaldu du.
Hezitzaile eta pedagogo lanetan aplikatu zituen “metodo berritzaileak” eta "haren euskaltzaletasunaren eta euskal herrigintzaren aldeko jarrera sutsua" islatzen ere saiatu direla adierazi du Gonzalezek: “Askotan, memoria historikoari lotuta, epikaren balioak jorratzen ditugu, baina normalean balio maskulinoei lotuta. Elbira Zipitriaren bizitza oso epikoa iruditzen zait. Itxuraz oso xumeak diren istorioak dira, oso modu isilekoan egindako gauzak, baina oso epikoak”.
Elbira filma abenduaren 26an emango dute lehen aldiz Donostiako Kursaaleko Ganbara aretoan, 17:30ean. Sarrera doakoa izango da baina aurrez erreserba egin behar da www.gipuzkoa.eus/elbira webgunean.
Euskaltzalea eta hezitzailea
Elbira Justa Zipitria Irastortza andereñoa, Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Francoren aldeko altxamenduaren ondoren Donostiatik ihes egin behar izan zuen. Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen eta, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian. Diktadura garaia izanik ere, Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian etxe-eskola sortu zuen eta bertan hainbat eta hainbat haurri euskarazko irakaskuntza eskaini zien. Irakasleak trebatu zituen eta, beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastola sortu zuen 1968an.