Ibaialde Ikastolari laguntzeko ekimena egingo du bihar Arizmendi Ikastolak

Egoera ekonomiko zailean dago Lodosako Ibaialde Ikastola. Baldintzek ez dute hobera egin, gainera, otsailaren 5ean egin zuten jaialdiaren ostean; eguraldi txarrak zapuztuta, ez zuten diru nahikorik biltzeko aukerarik izan. Horregatik, Arrasateko Arizmendi Ikastolak haiei laguntzeko ekimena antolatu du.


25. urteurrena bete du aurten Ibaialde Ikastolak. Ospakizuna laguntza ekonomikoa lortzeko bide bezala baliatu nahi zuten, eta otsailaren 5ean jaialdia antolatu zuten. Baina eguraldi kaxkarrak zapuztu zuen haien asmoa.

Antolatzaileen etsipenaz jabeturik eta Lodosako ikastolak duen premia ikusita, ekimen propioa antolatzea erabaki du Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako Arizmendi Ikastolak. Bihar, otsailaren 24an, txaponak batuko dituzte hiru udalerrietako plazetan.

Horretarako, Ibaialde Ikastolako logoa jasotzen duen pankarta handiak jarriko dituzte lurrean, eta txanponez betetzea izango da helburua. Ikastolak ez ezik, gainera, beste eragile batzuek ere hartuko dute parte ekimenean. Hurbildu, eta eman zure laguntza, gazte!

Info


Ordua: Arratsaldeko 15:00etatik aurrera

Lekua: Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako plazak