Ibai Villapún (MAZ): "Gehiengoarentzat eskuragarri izan behar duen jaialdia programatu nahi dugu"

Larunbatean abiatu zen MAZ Basauri musika jaialdiaren laugarren edizioa. Aste honetan egitaraua osatzen duten hainbat talderi eginiko elkarrizketak argitaratuko ditugu, baina aldez aurretik, Ibai Villapún, jaialdiko komunikazio arduradunarekin solastu gara.



2012an sortu zenuten Musika Alternatiboaren Zikloa (MAZ Basauri). Nola baloratzen duzue jaialdiaren ibilbidea?

Edizio bakoitzean aurrerapauso txiki bat eman du. Bigarren edizioan Social Antzokiko kontzertuetaz haratago, kaleko doako kontzertuak eta Txiki MAZ antolatu genituen, eta hirugarren edizioan, aldiz, Antzokiko kontzertuen ostean DJak programatzen hasi ginen, eta kaleko programazioan talde gehiago sartzen.

Laugarren edizio honetan zein izan da aurrerapausoa?

Grammy saria duen artista bat ekartzeko gai izan gara eta Mike Farris gurekin izango da. Ez hori bakarrik, gure jaialdiko kontzerturako bereziki sortu den euskal talde batekin batera joko du, eta beste inon errepikatuko ez den errepertorio bat prestatu dute MAZ Basaurirako.

Sorreratik anitz aldatu al da MAZ Basauri?

Egia esan ez. MAZek helburu garbiak zeuzkan hasieratik: Basauriri eta Social Antzokiari kalitatezko musika ziklo bat eskaintzea; prezio ekonomikoak edukitzea, bai sarreretan eta baita Social Antzokiko ostatuan ere, denontzat eskuragarri izan zedin; eta Basaurik programazio kultural sendo baten alde beti egin duen apustuari oihartzun handiagoa ematea. Horrez gain, jaialdiak herriko ostalaritzari diru sarrerak eragiten dizkio kaleko doako kontzertuen bitartez.

Urtero legez, hiru jardunaldi izango ditu MAZ Basaurik Social Antzokian. Noiz hasten zarete egitaraua antolatzen?

Uda pasatu eta gero, normalean badakigu zein taldek kaleratuko duten diskoren bat, eta noiz hasiko duten aurkezpen bira. Beraz, horrela, lehen izenak agertzen hasten dira mahai gainean...

Zein irizpide erabiltzen dituzue taldeak aukeratzeko?


Kalitatea eta publikoarengandik onarpena uztartu behar dituzte MAZ Basaurin parte hartzen duten taldeek. Hau da, nahiz eta oso maila artistiko altua izan, baldin eta gutxiengo bati zuzendutako musika egiten badute, talde hori MAZen programatzea zaila izango da. Gehiengo batentzat eskuragarri izan behar duen jaialdia programatu nahi dugu, baina kalitatea mantenduta, jakina. Burning, Ruper Ordorika eta Mike Farris bezalako artista kontsolidatuek hori ematen digute. Adin askotako publikoa erakartzeko gai dira, urte mordoa daramazkite, baina oso momentu onean eta proposamen bereziekin datoz hirurak.

Adin guztietan pentsatzen duzuenaren seinale, Txiki MAZ ekimena antolatzen duzue jaialdiaren bigarren edizioaz geroztik. Noiz eta nola sortu zen ideia?

Lehenengo edizioaren ostean, kalean doako ekimenak gehitzeko asmoa izan genuen eta beste herri eta hiri askotan haurrentzat egindako kontzertu zikloak antolatzen hasita zeuden beste hainbat enpresa. Ekimen horiek sortzen zuten interesak TxikiMAZ funtzionatuko zuela egiaztatu zuen, baina gure haurrentzako programazioari beste proposamen batzuen aldean ñabardura bat ematea erabaki genuen. Ez genuen haurrentzat egokitutako errepertoriorik nahi, ezta haurren aurrean jotzeko talde bat sortu gura. Gure asmo garbia zen normalean nagusientzat jotzera ohituta zeuden taldeak programatzen hastea, nagusientzako prestatzen zituzten errepertorio beretsuekin. Horri TxikiMAZerako propio sortutako ikuskizun bat gehitzen zaio urtero.

Zein da MAZ Basauriren erronka nagusia etorkizunari begira?

Batik bat, kaleko doako eskaintza finkatzea eta jaialdia Basaurin bertan are gehiago sozializatzea.

Tira, jaialdiko bonoak aspaldi amaitu ziren maiatzaren 5ean agortu ziren, baina kontzertuetara joan nahi duenak zer egin behar du?

Eguneko sarrerak eros daitezke oraindik oso prezio merkean. 10 euro gehi banaketa gastuak aldez aurretik erosita Ruper Ordorikaren kasuan, eta 12 euro gehi banaketa gastuak Mike Farrisenean.

Jaialdira joateko zalantzan denari zer errango zenioke? Zertan desberdinduko da aurtengoa aurrekoekin?

Esango nioke oso giro berezia sortzen dela jaialdi honetan. Antolakuntzako batzuk 30 jaialdi baino gehiagotan lan egin dugu eta arin somatzen diogu ‘duende’ hori horrelako ekitaldi bati. Bestalde, aurten askoz ere rock eta soul gehiago entzuteko aukera izango dute. Ruper Ordorika eta Audience egun berean batzea oso hunkigarria izan da guretzat, euskal rock musikaren bi belaunaldi baitira, elkarri errespetu handia diotenak, eta hori ere guretzat oso garrantzitsua da, artistenganako errespetu giro hori sortzea. Eta Mike Farrisen kontzertua benetan errepikaezina izango dela uste dut.