Iara Solano: "Dirurik eta baliabiderik gabe ere, edonork du artista izateko aukera"

Iara Solanok (Gasteiz, 1985) Londresko Rose Bruford Unibertsitatean ezagutu zituen Sammy Metcalfe (britainia handia, 1983) eta Malla Sofia Pessi (Finlandia, 1981), Europako Arte Eszenikoak ikasten ari zirela. Bederatzi urte geroago, Sleepwalk Collective konpainiak lau obra eta hainbat pieza txiki aurkeztu ditu, performancea eta antzerkia uztartuz.



Elkarrekin lan egin nahi zutelako sortu zuten Sleepwalk Collective, eta 2007an Londrestik Gasteizera lekualdatu ziren, Krea bekaren laguntzaz, proiektu berri bat abiatzeko asmoz. Sei hilabeteko egonaldia izan behar zuena sei urteko ibilbide bilakatu da, eta uneotan Britainia Handiaren eta Euskal Herriaren artean bizi badira ere, beren lanak Australia, Frantzia, Alemania, Italia, Austria, Kosovo, Bosnia-Herzegovina eta Herbehereetan aurkeztu dituzte.

Antzerkiaren eta performancearen arteko hibridoak dira zuenak. Argi dugu antzerkia zer den, baina performancea? Nola definituko zenuke?
Antzerkiak eskaintzen dizkigun arauetako batzuk gustatzen zaizkigu, eta performanceak eskaintzen dizkigun beste batzuk. Ondorioz, "Hau ez da antzerkia!" esan ohi ziguten arren, egun "Hau ez da performancea!" entzuten dugu, eta oso nekagarria da. Entsegu eremuan sartzen garenean, gure asmo bakarra une horretan egin nahi duguna egitea da, edozein forma artistiko baliatuz, nahi dugun eran, eta hain zuzen horixe da guretzat performancea, ikuslego baten aurrean egin nahi duzun edozer egitea, hizkuntzak eta antzerkiak ezarritako konbentzioetatik haratago doana. Dena den, gure artean, performance hitzak 60ko eta 70eko hamarkadetan sortu ziren estetika batzuk definitzen ditu, teatro tradizionala baino murriztaile eta kontserbadoreagoak ziren estetikak, zeintzuengatik ez dudan apenas interesik, Marina Abramovicek sortutako Rhytm 10 izeneko pieza batzuk salbu, ez baitute publikoarekin loturarik bilatzen. Ondorioz, performancea definitzeko eskatzen digutenean, live art edo arte bizia kontzeptua erabiltzen dugu, oraindik ez baitiote marko jakinik erantsi, eta nahi duguna egin dezakegu. Dena den, zenbaitetan definizioak pikutara bidali eta dantza konpainia bat garela esaten dugu!

Eta nola lortzen duzue antzerkiaren eta performancearen arteko oreka hori?
Bakoitzetik gustatzen zaiguna maileguan hartuz (Sammyk "lapurtu" hitza baliatzen du, ingelesez finagoa geratzen delako), eta horrekin gauza berriak sortuz.

‘Amusements’ (2012) obra Britainia Handiko Total Theatre Award 2012 eta The Arches Brick Award 2012 sarietarako izendatua izan zen. Bertan, ikusleek aurikularretatik entzuten dute aktoreek diotena, nork bere esperientzia biziz. Teatro konbentzionalaren transmisio moduak apurtzen dituzuela esango zenuke?
Ez dugu uste ezerekin hausten dugunik. Aukera teknologiko berriak baliatzen ditugula esango nuke nik, ideia eta forma artistiko berriak darabiltzagula antzerkiak berak eskaintzen duena zabaltzeko. Obra horretan beste elementu batekin jokatzen dugu, espazio eta denbora bera konpartitzen duten antzezlearen eta ikuslearen arteko intimitatearekin, eta teknologiak intimitate hori muturreraino darama.

Ustez ikusle adituei zuzenduta dagoen antzerkia ikuslego orokorrari helaraztea izan da zuen helburu nagusietako bat. Nola egin duzue?
Jendearen inteligentzia errespetatuz, ikuslegoa gu bezain ausarta baita, eta ideia eta esperientzia konplexuei aurre egin baitiezaioke. Eta antzerkiaren eta artearen hizkuntza inpertsonal, mugatu eta neurriz kanpokoa pop musikaren, zinearen eta Sarearen hizkuntza zabalago eta adierazkorrago batera itzuliz. Izan ere, nahiago dugu munduarekin bere bitartekoen bidez komunikatu, garaiz kanpokoa den eta berari buruz gehiegi teorizatu den forma artistiko endogamiko baten bidez baino.

Urria eta azaroa bitartean lau obra ezberdin aurkeztu dituzue hamar hiritan. Ez al da eskizofreniko samarra?
Pixka bat bai! Baina ez dugu beste erremediorik. 2009ko udaz geroztik halaxe egiten dugu lan. Zorionez, obra horietako bi 60 alditan baino gehiagotan aurkeztu ditugu, eta beraz, ez dugu entsegu gehiegirik behar, une horretan zein lan antzezten ari garen gogoratzea nahikoa da obran erabat murgiltzeko. Aldiz, beste biak oraindik garapen prozesuan daude, eta oso polita da freskotasun eta urduritasun puntu hori sentitzea berauek sortzen eta aurkezten ditugunean.

Zergatik Gasteiz? Zer du Londresek ez duenik?
2007an, Gasteizera heldu ginenean, hiria oasi kultural bat zen, Londres ez bezala, hura handiegia baita, eta inguru arrotza izan daiteke gazte sortzaileentzat. Artista eta erakunde eskuzabal, sentsible, zirraragarri eta progresibo ugarik, hala nola Krea, Artium eta Amarika Proiektuak, lan handia egiten zuten ez soilik bertako artistak laguntzeko, baita hirian kultura bizi mantentzeko ere. Gurea bezalako konpainia batentzako leku aproposa zen, beraz. Baina 2011z geroztik, aurrezki kutxen arteko fusioak tarteko, kultura deuseztatu egin dute. Gutxi dira babes instituzionala jasotzen duten artista eta kolektibo independenteak, eta erabat kaltetutako kultur sarea birsortzen dihardute, kulturaren aurkako politikaren eta orain agintean daudenen ezintasunaren aurka borrokan.

Hitz egidazu Factoria de Fuegos proiektuaz. Antzerkiaren zein hutsune betetzera dator?
2009an sortu genuen hiriko artista berriei laguntzeko asmoz. 2011ra bitarte haiei aukera berriak ematen eta ikuslegoa sortzen eman genuen denbora; eta emaitza ezin hobea izan zen: hiru urtetan 42 artista ekarri genituen hirira (bertako hamahiru eta nazioarteko 29), eta ikuslego geroz eta ezberdinagoa eta ugariagoa lortu genuen. Egun, baina, ez dugu laguntza nahikorik orduko programari jarraipenik emateko, Noches Scratxe Gauak izena zuen horri. Horregatik, lan eszeniko berritzaileak ekartzea helburu duen inTACTO festibalaren hirugarren edizioan murgildurik gaude orain.

‘Workshop’ eta performance sorkuntza tailerrak ere eskaintzen dituzue. Zer irakasten diezue ikasleei?
Beren lana sortu dezaten nahi dugu, eta horretarako darabilgun "teknika" oso aldakorra eta zehaztugabea da. Konpainian bertan testuak eta ekintzak sortzeko darabiltzagun tresnak partekatzeaz gain, ikasleek dituzten ideia eta material pertsonalak ikusleentzako interesgarria izango den eran plazaratzen irakasten diegu. Nor bere ideiak aurkituta itzuli dadin etxera, abiapuntu bat ematea beste ezer irakastea baino garrantzitsuagoa baita.

Euskal Herrian, arte eszenikoei dagokienez, berritzeak eta proiektu arriskutsuak taularatzeak beldurra ematen digula uste duzu?
Munduan lan zoragarriak egiten ari dira. Leku batzuetan oso aurretik doaz, eta beste batzuetan ez hainbeste, baina ezberdintasun horiek positiboak direla uste dut, sanoak direla, eta ez genuke horretaz arduratu behar. Esaterako, dantza garaikideari dagokionez, korronte berritzaile eta zirraragarria garatzen ari da Euskal Herrian, Britainia Handiarekiko oso ezberdina dena. Gure artean falta dena, ikasgeletan arte eszenikoak barneratuko dituen hezkuntza sistemaz gain, do it yourself edo zuk zeuk egin filosofia da, edonork, dirurik edo baliabiderik gabe, bere lana ongi egin eta artista izateko aukera duelako. Uneotan, Britainia Handian sortzen ari diren lan eszeniko interesgarrienak gaztetxoek beren logeletan osatzen dituztenak dira, beren ideiak instituzioen babesik gabe egingarri bihurtzen dituztenak. Jarrera hori behar dugu guk ere.