Horman Poster konpainiaren 'Antigone edo ezetzaren beharra' antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria

Obraren "ausardia, kalitatea eta freskotasuna" nabarmendu ditu epaimahaiak.

Horman Poster kolektiboaren Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko 22. Donostia Antzerki Saria. Lan hori izan da 2021ean Donostian helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena epaimahaiaren erabakiz. Epaimahaiaren hitzetan, "Antigone obra klasiko ezin garaikideagoa da eta ezinbestekoa zen haren oihartzunak euskaraz entzunaraztea. Bertsio libre honek mendeetako gatazka ebatzi gabeak oholtzaratzen ditu, begirada umoretsu bezain tragikoz".

"Oso proposamen ausarta" dela nabarmendu dute eta "oso baliozko" lana dela, "klasiko bat oso moderno egitea lortu dutelako, estetika izugarriarekin eta, gainera, lehen aldiz, euskaraz". "Klasiko baten egokitzapen, kontakizun eta bertsio freskoa" dela adierazi du epaimahaiak, "estetika eta iruditeria zeharo zaindua duena eta ezohiko lengoaia darabilena". Aktoreen lanaren kalitatea ere azpimarratu nahi izan dute, "erradikala eta librea delako, umorea eta drama ongi uztartuz".

Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Horman Poster konpainiak 12.000 euro eta Oaia Peruarenaren artelana jasoko ditu. Ekitaldiaren hasieran banatuko dute saria eta, ondoren, antzezlana eskainiko dute.

Esperientzia eta freskotasuna
Horman poster kolektiboa duela hamar sortu zuten Matxalen de Pedro eta Igor de Quadrak eta 2019tik aurrera,  Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua eta Jon Ander Urresti artista gazteen partaidetza ere badu. Sorkuntza eszeniko berritzaileak eta mediazio eszeniko proiektuak garatzen dituen kolektiboa da, "urteetako ibilbideen esperientzia eta berritasunaren grina elkartzen dituena".

2020ko azaroaren 5ean estreinatu zuten Antigona tragedia klasikoaren bertsio garaikidea. Sofoklesen Antigona testutik eta Antigonaren beste bertsio garaikide batzuetatik (Anouilh, Brecht, Zambrano, Zizek, J.Butler…) abiatuta sortu den bertsio librea da. "Boterearen inguruko galderak, kezkak eta hausnarketak eguneratzeko ariketa" dela azaldu dute, "ikuslea ere hausnarketa horietara bultzatuko duena".