'Homeless Film Festival' jaialdia gaur Bilbon
Etxegabeen errealitatea ezagutzeko film laburrak, eskola eta unibertsitateko ikasleek sortutako film motzak, eta bi antzezlan eskainiko dituzte.
Homeless Film Festivalen seigarren edizioa egiten ari dira egunotan Bilboko Bizkaia Aretoan. Etxerik gabe edo gizartearengandik baztertuta dauden pertsonen inklusioa bilatzen du zine eta antzerki jaialdi honek, eta "ikusgarritasuna eta inklusioa azpimarratzen ditu". Bilbon egiten den Homeless Film Festival jaialdia 2011n Manchesterren (Erresuma Batua) antolatzen hasi zen jaialditik dator, eta "zinema-industria etxerik gabeko pertsonengan arreta jartzeko erabiltzen duen munduko bakarra" da. Bizitegi elkarteak antolatzen du jaialdia, Bilboko Udala, BBK, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen babesarekin.
Atzo hasi zuten jaialdia film labur, antzezlan eta dokumental emanaldiekin. Gaur goizean, 10:00etatik 12:00etara, etxegabeen errealitatea ezagutzeko film laburrak eskainiko dituzte batetik, eta, bestetik, Arxandape Ikastola, Begoñazpi Ikastola, IES Rekalde BHI, IES Ibarrekolanda BHI, eta IES Ondarroa BHI eskoletako ikasleek egindako film labur finalistak erakutsiko dituzte. Goizeko azken jarduera Zenbatu Antzerki Taldea-ren Inork antzezlana izango da. Arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara, film labur gehiago izango dira ikusgai, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleen sorkuntzak ere emango dituzte eta, azkenik, Zenbatu Antzerki Konpainiaren No te rindas antzezlanaren emanaldia izango da.
Bertan parte hartzeko izena eman behar da Bizitegi elkartearen webgunean.