Homeless Film Festival Bilbon
Etxerik gabeko pertsonen errealitatea islatuko dute zinemaren bitartez gaur; hona hemen ez galtzeko arrazoiak!
Nola eraman azalera etxerik gabeko pertsonen errealitatea? Zinema erakusleiho egokia izan daiteke. Horregatik, Bilboko Udalaren, BBKren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen elkarlanari esker, hirugarren urtez antolatu dute Homeless Film Festival jaialdia. Urriaren 24tik 25era bitarte ospatuko da, Bizitegi elkarteak gaiaren inguruan antolaturiko jardunaldien baitan.
Eta zergatik ezin duzu galdu? Jaialdi honek Erresuma Batuko Manchesterren du jatorria, bertan ospatu baitzen lehenengo edizioa 2011n. Lehen edizio hartatik, gizarte inklusioaren inguruko gaiak antzerkia eta zinemagintzaren bidez jorratzea izan da xedea, eta, egun oraindik, etxerik gabeko pertsonen auziaren sentsibilizazioa jorratzen duen zinemaldi bakarra da.
Gaur, hilak 25, eskualdeko hainbat ikastetxeen inplikazio eta parte hartzearen ondorioz bildutako film labur ugari izango dira ikusgai 10:00etatik aurrera, etxerik gabeko pertsonekin harremana duten lanak guztiak. Besteak beste, Begoñazpi Ikastola,Rekalde BHI, Ibarrekolanda BHI, Kantauri BHI ikastetxeetako ikasleek egindako lanak izango dira ikusgai, baina baita ere Santurzine jaialdiko lehiaketara aurkeztutakoak, Bizitegik grabatutakoak edota EHUko Komunikazio Fakultateko ikasleek errodatukoak. Ez galdu aukera!