Hogeita hiru taldek parte hartuko dute Bizkaiko Taldekakoan

Kanporaketa fasea igarota, bederatzi talde sailkatuko dira maiatzaren 28ko finalera.

Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzea du helburu nagusi Bizkaiko Taldekakoak, hau da, bertso eskolak eta eskualdeak indartzea. 2017an egin zen lehenengoz, 2019an egin zen bigarrena eta hirugarrena ere ate-joka da. Taldekako txapelketa izaten da, giro informalean, jai giroan, jokatzen dena. 23 taldek parte hartuko dute hirugarren edizioan eta ia 200 parte hartzaile izango dira.

Bertsolari hasi berriei plazarako bidea erraztea, eta arrazoi desberdinengatik ohiko Txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez daukatenei bestelako aukera bat eskaintzea du xede taldekakoak. Horrez gain, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile berrien sorrera ere bultzatuko da, eta baita, nola ez, eskualdeen arteko harremana sendotzea ere.

Kanporaketa fase bakarra egongo da, martxoaren 25etik maiatzaren 13ra iraungo duena, eta zortzi saioetako talde irabazleak finalaren egunean elkartuko dira Larrabetzun, maiatzaren 28an. Zortzi talde horiez gain, beste bat ere sartuko da zozketa bidez. Hiru taldeko 3 finalaurreko jokatuko dira lehenengo, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea sailkatuko da azken finalera. Jai handia egiteko asmoa dute egun horretan, eskolarteko finala lehenengo, eta hainbat saio labur ostean. 

2019ko edizioan 21 taldek hartu zuten parte, eta modu autogestionatuan antolatu zituzten txapelketa osoan zehar egindako saioak. Finalistak Iurreta eta Durangoko Tronperrieta, Abadiñoko Koipelustre's, eta Berriz eta Elorrioko Miotako bidelapurrak izan ziren, eta lehenak eskuratu zuen garaipena. Honako bertsolari hauek aritu ziren kantuan: Tronperrietako Ander Sarriugarte, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Gorka Pagonabarraga; Miotako bidelapurrak taldean Miren Amuriza, Iruri Altzerreka eta Gorka Lazkano; eta, azkenik, Koipelustre's taldean Txaber Altube, Igor Galarza eta Aitor Bizkarra.