Hogeita hamabi film luze proiektatuko dituzte Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean

'Irati' eta 'Abyzou' filmek ireki eta itxiko dute datorren ostiralean hasiko den zine jaialdia.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean fantasiazko zinemaren "pelikularik onenen hautaketa" proiektatuko dutela iragarri dute antolatzaileek. 32 film luze, 30 labur eta telesail bateko hiru atal ikusi ahal izango dira. Antzoki Zaharrean proiektatuko da film luzeen sail ofiziala, 23 lanez osatua.

Urriaren 28an, ostirala, Irati (Paul Urkijo Alijo, 2022) filmak inauguratuko du jaialdia, Antzoki Zaharrean, eta Abyzou (Oliver Park, 2022) pelikulak itxiko du leku berean, azaroaren 4an.

Victoria Eugenia Antzokian film laburren sail ofizialeko pelikuletako batzuen bigarren emanaldiak eskainiko dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, euskaraz. Nazioarteko film laburren eta animaziozkoen maratoiak eta saio bereziak ere egingo dira, eta besteak beste, Pobre diablo animazio-saila aurkeztuko dute. Barrexerka taldeak jaialdirako prestatutako umorezko emanaldia ere izango da Club aretoan. Bestetik, Asteari buruzko podcastak ere grabatuko dituzte bertan: La hora caníbal eta ¡Estamos vivas!. Haurrentzako pelikulak ere emango dituzte Victoria Eugenian.

Tabakaleran ere egingo dituzte proiekzioak: Alma viva (2022), Incroyable mais vrai (2022), Kwaidan (1964) klasiko japoniarra, eta  Pedro Olea zinemagile bilbotarraren omenezko El bosque del lobo (1970).

Kanibalismoa programazioaren elementuetako bat izanik, Antonio Jose Navarroren El banquete infinito. Representaciones del canibalismo en el cine liburua argitaratu dute. Gainera, jaialdiari hasiera ematen dion festa, urriaren 29an egingo dena, ere gai horren ingurukoa izango da. Azokanibal azoka egingo dute Donostiako Boulevard zumardian, eta bertan kalejira pagano bat, makillaje tailerrak eta eskulanetakoak, antzerkia eta beste hainbat kontu izango dira.  

Bestalde, Fanzineen Gerra klasikoaren 7. edizioa egingo da eta Beldurrola antolatu da, beldurrezko rol-jokoen saioak euskaraz. Erakusketak ere izango dira aurtengo programazioan: Zinema itsasoak; Luis Gasca: Komikia eta zinema; Fuego Fatuo: Ulertezinaren bestiarioa; Arantza Sestayo; Odol tinta – Banpiroari omenaldia; eta Tito Saavedrari eskainitako omenaldia.

Sarrerak eta abonuak
Gaur jarriko dituzte salgai abonuak, 11:30etik aurrera, Antzoki Zaharreko leihatilan. Astelehenetik aurrera, berriz, sarrera solteak jarriko dituzte salgai, ordu berean, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kultura webgunean.