Hogeita bost ekintza inguru antolatu dituzte Ibilki egitasmoaren barruan

Uztailetik abendura bitarte, kontzertuak, antzezlanak eta zine proiekzioak izango dira, besteak beste, Iparraldeko hainbat herritan.

Ipar Euskal Herrian euskal antzerkiaren hedapena sustatzeko sortutako Ibilki egitasmoaren uztailetik abendura bitarteko ekintzak ere martxan dira. Zinema eta antzerki saioak, dantza emanaldiak eta kontzertuak egingo dituzte Ainhoan, Baionan, Senperen, Ziburun, Hendaian, Maulen, Arrosan, Donapaleun, Urruñan, Hiriburun, Ortzaizen eta Donibane Lohizunen. 

Zine proiekzioei dagokienez, Telmo Esnalen Dantza ikusi ahal izango da abuztuaren 3an Ainhoan, eta Urte berri on amona Ortzaizen, abuztuaren 23an. Esnalen eta Asier Altunaren Agur Etxebeste! ere proiektatuko dute Ainhoako plazan, abuztuaren 24an. Pablo Agueroren Akelarre emango dute Ziburuko plazan abuztuaren 27an.

Film laburren gaualdia ere egingo dute Arrosako plazan abuztuaren 19an, eta honako lan hauek emango dituzte: Lur Olaizolaren Zerua Blu; Manex Fuchs eta Eñaut Castagneten Positive bomb; Sara Fantovaren No me desperteis; Eñaut Castagneten Muga; eta Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Eñaut Castagneten Nire eguneroko maitea.

Antzezlanak ere izango dira egitarauan. Hika Teatroak Toto antzezlana taularatuko du Baionan, urriaren 10ean, Miren Gojenola eta Asier Hernandez aktoreekin. Axut ! & Artedramaren Hondamendia ere ikusi ahal izango da Hiriburun, azaroan. Jour de Fête konpainiak Besteen kalea emanaldia eskainiko du Urruñan azaroaren 18an, eta Bonbon Beltzen Gure zaharrak txotxongilo emanaldia izango da Hendaian, azaroaren 18an. Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek, berriz, Euskal musikaren benetako istorioa erakutsiko dute Urruñan, azaroan.

Kontzertuak ere badira egitarauan, hala nola Bilaka Kolektiboa eta Auhen taldeenak, eta dantza ere ez da faltako, esaterako Dantzaz konpainiaren Quo ikuskizunaz, eta Led Silhouette & Marcos Morauren Los Perros

Ttitto Aguerreren Baitan erakusketa ere bihartik abuztuaren 30era arte egongo da zabalik Senpereko Larreko gelan. Artistak 145 bat obra bildu ditu bertan, egurrezkoak eta bestelakoak. Lan segida bakoitzak istorio bat kontatzen du eta istorio bakoitza euskarazko hitz batez laburbildua da. 

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.