Hogeita bat antzezlan izango dira Santurtziko Antzerki Jaialdian
Nerabeen unibertsoa jorratzen duen 'Fake Reality' obra eskainiko dute bihar.
Santurtziko Antzerki Jaialdiaren 44. edizioan abiatuko da gaur eta, azaroaren 26ra bitarte, umorea, memoria, talentu berriak eta artista finkatuak izango dira protagonista. Hogeita bat ikuskizun izango dira guztira, orotariko publikoari begira.
Bihar, hilak 26, gazteei zuzendutako Fake reality antzezlana eskainiko dute. Nerabe-unibertsoaren ingurukoa da lana. Ostiralean, Leandre Riberaren N’ImPorte quoi klun ikuskizuna izango da.
Azaroan, berriz, honako lan hauek taularatuko dira: Vive Molière, Molieren pieza dramatiko onenen eszenen aukeraketa; frankismo garaian euren ideia politikoengatik kartzelaratutako emakumeen istorioa kontatzen duen Las que fueron silencio; Solo pailazoen ikuskizuna; Ramon Agirre eta Amaia Lizarralde antzezle dituen Hobe ixilik; Eusebio Poncela eta Igor Yebra protagonista dituen El beso de la mujer araña; Lydia Cacho kazetari eta ekintzaileak jasandako bahiketa eta gobernu baten indarkeria eta ustelkeria ardatz dituen La infamia; opereta, kopla eta kanta herrikoak biltzen dituen El novio de España; Miguel Delibesen izen bereko eleberrian oinarritutako Las guerras de nuestros antepasados; Alberto San Juanek zuzendutako Lectura fácil; berreraikitze historikoa, dokumentala eta parodia nahasten dituen Julio César; Patxo Telleriak zuzendutako endredo eta intriga politikoko thrillera, Kortxoaren dilema; El rey que fue, Espainiako Juan Carlos I errege ohiaren bizitza oroitarazten duen ikuskizun umoretsu eta tragikoa da; Ramon Bareak zuzendutako La lucha por la vida; eta irudimenezko hiri baten istorioa kontatzen duen Ciudades (arquitecturas en movimiento).
Haur eta familientzako hiru ikuskizun ere antolatu dituzte: urriaren 29an, Marcel Gros klunaren Mi pequeño universo; azaroaren 5ean, Gorakada konpainiaren Kelonia eta itsasoa; eta azaroaren 26an, Un traje nuevo para el emperador, Hans Christian Anderesen klasiko baten bertsio xelebre eta barregarria.
Kolektivo Konika eta Trapu Zaharraren bi ikuskizun ere egingo dituzte kalean, Nire sudur punta zirku emanaldia eta ¡Dale, Ramón!.