Hobe isilik

Askotariko testuak irakurri dizkiogun arren, hauxe dugu Garbiñe Ubedaren lehen eleberria. Espainiako Gerran desagertutako aitonaren irudi ezezagunari hautsak harrotzen hasiko da Bakartxo, istorioko protagonista. Bere ahotik ezagutuko ditugu ezjakintasuna kudeatzeko zailtasuna eta egiaren aurkako borrokaren zama. Isilik egotearen edo gehiago jakin nahi ez izatera iritsi arteko bidea egitearen artean erabaki beharko du, inoiz horretara iristerik bada.