Hizkuntzen arteko mugak, gero eta lausoago

Maiatzaren 14an ezagutarazi du albistea Google enpresa erraldoiak. Hainbat hizkuntzen artean bi norabideko itzulpen automatikoa egiten duen Translate tresnak euskara ere ulertzen du orain.


Albistea ziztu bizian zabaldu da euskal blogosferan. Izan ere, hainbat aldiz azpimarratu izan dugu Googlek –Interneten mundu osoan gehien erabiltzen den tresnak– euskara aintzat hartzeak duen garrantzia. Bada, dagoeneko bere itzultzaile automatikoaren zerrendan –orotara 56 hizkuntza dira– dago geurea ere.

Euskararekin batera beste hizkuntza batzuk ere gaineratu ditu: azerbaiyanera, armeniera, urdua eta georgiera. Guztiak, baita euskara ere, “alpha” fasean daude, alegia, oraindik ere  garatzen. Horregatik, itzulpenak mementuz ez dira oso zehatzak, akastunak dira.

Google Translate tresnak bi norabideko itzulpenak eskaintzen ditu. Hau da, ez du soilik itzultzen frantses, espainiera edo ingelesetik euskarara, adibidez. Alderantzizko bidea ere egiten du, euskaratik beste hainbat hizkuntzara.

Esan bezala, lehenengo probak ez dira oso txukunak izan baina Sustatu.comalbistegian erabiltzaile euskaldunek adierazitako iritzien artean bat nagusitzen da: oraindik oso ondo ez badabil ere, euskara Google Translate bezalako tresna batean present egoteak garrantzia estrategiko nabarmena dauka.

Zuzeu.com-ekoek ere egin dute aproba, agerkaria bera euskaratik frantsesera eta gaztelaniara itzuliz, nahiz eta emaitzak ez diren espero bezain onak izan. Beste saio bat ere egin dute Xabier Montoiaren Blackout nobelaren hasierako pasarte batekin:  danieraz, albanieraz, galegoz eta ingelesez irakur daiteke orain, erdizka besterik ez bada ere.

Bestalde, Gorka Julio blogariak (teketen.com) segituan ezarri du bere blogean argitaratzen dituen artikuluak modu automatikoan beste hizkuntzatara itzultzeko tresna, eta nola egin behar den ere dokumentatu du.

Antza denez, EiTB eta Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioaren ondorioz gaineratu du Googlek euskara bere itzultzailean.  Beste hizkuntzekin gertatu den bezala, ea laster euskara 'alpha' egoeratik 'beta' egoerara igaro eta itzulpen txukunagoak egiten hasten den.

Erabakiak, dudarik gabe, euskara ikustaraziko du sarean. Batetik, Interneten nabigatzen ari den edonori automatikoki emango diolako euskaraz dauden webguneak –GAZTEZULOrena kasu– beste hizkutzatan irakurtzeko aukera. Eta, bestetik, askok sekula entzun ez duten hizkuntza hori oraindik bizirik dagoela agerian utziko duelako.

Tankera honetako tenologiak asko garatu dira azken urteotan. Euskal Herrian bertan, badira alor honetan aspalditik lanean ari diren hainbat enpresa eta erakunde: Aholab, Ixa taldea, Eleka, Elhuyar, Vicomtech…  Garapenak orain arteko bideari eusten badio, aurki asko lausotuko dira hizkuntzen arteko mugak Interneten. Nork bere hizkuntzan testu bat idatzi, eta hizkuntza hori ulertzen dutenek ez ezik, ulertzen ez dutenek ere irakurri eta ulertu ahal izango dute jatorrizko testua.

HARRITU GAITU


Sarean azken aldian modan dagoen teknika bat da 'time lapsea'. Bideoa grabatu edo argazkiak atera ondoren, abiadura handian erreproduzitzen dira. Oraingoan, Munduari bira 80 segundutan izenburupean, bidaia batean hartutako irudiak jarri dituzte errenkadan. Emaitza ikusgarria da benetan! (http://www.youtube.com/watch?v=2N8NaUHR5XI)

KATXONDOENA



Aurki bidaien inguruko bideoblog berri bat jarriko dute martxan. Tokitan.tv du izena, eta bidaiari txikientzako abentura handiak bilduko omen ditu. Mementuz, trailerra jarri dute ikusgai. Ekainaren hasieran abiatuko dute egitasmoa, astero bidaia baten inguruko bideoa argitaratuz (http://tokitan.tv).

INFORMAZIO BILA


Donostian hainbat urtez egin legez, aurten ere abiatu dute Surfilm Zinema Jaialdia. Dagoeneko amaitu da lanak aurkezteko epea eta 50 film labur baino gehiago lehiatuko dira. Aukeratutako lanak Antzoki Zaharrean proiektatuko dituzte.
(http://surfilmfestibal.com)