Hitzaren Eskolaren bosgarren edizioan izena emateko epea zabaldu dute
Miren Amuriza, Ibon Aranberri, Maialen Berasategi eta Koldo Izagirre arituko dira irakasle lanetan.
2019an jarri zuten martxan Hitzaren Eskola, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Bosgarren edizioa ere antolatu dute eta irailean hasiko da.
"Hitza bera erdigunean jarrita egin dugu eskola hau. Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. Eta horretarako, hitza euren jardunean era batera edo bestera presente daukaten jendeak ekarri ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea", azaldu dute.
Lau irakasle hauek izango dira aurtengoan: Miren Amuriza, Ibon Aranberri, Maialen Berasategi eta Koldo Izagirre. Irakasle gonbidatuak, berriz, honako hauek: Amaia Egidazu, Miren Jaio, Isabel Etxeberria eta Amagoia Gurrutxaga.
Hitzaren Eskola irailaren 7an hasi eta azaroaren 23an amaituko da, 48 ordu guztira. Saioak larunbatetan izango dira, 09:00etatik 13:00etara. Matrikula prezio orokorra 400 eurokoa da, eta Ikasle, langabe eta erretiratuentzat, 275 euro. Matrikulatzeko epea uztailaren 15ean amaituko da eta formularioa bete beharko da horretarako.