Hiru film labur emango dituzte Irisarrin egingo den Zine Gaualdian

Carmen Echeverria, Eñaut Castagnet, eta Maider Oleagaren lanak proiektatuko dituzte.

Euskal zine proiekzioak eta solasaldiak izango dira gaur Irisarriko Ospitalea etxean, 19:00etatik aurrera. Hiru film labur hauek ikusi ahal izango dira bertan: Oihartzunak (2022), Muga (2022) eta Irrits (2022). 

Carmen Echeverriaren Oihartzunak filmeko istorioa ekaineko gau bero batean kokatua da. Maiak eta Txemak ostiral arratsalde lasaia pasatuko dutela uste dute; alabaina, etxearen kanpoaldetik datorren gatazka baten oihartzuna entzungo dute. 

Eñaut Castagneten Muga . Joxeanentzat ez da Euskal Herria banatzen duen mugarik. Astero-astero alde batetik bestera ibiltzen da, hazten dituen txerrien salmentarako. Kamarurentzat, ordea, oztopo eta arrisku guztien sinonimoa da muga. Bien bideak gurutzatu egingo dira. 

Azkenik, Maider Oleagaren Irrits ikusteko aukera izango da.. Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatuko du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean ibiliko da gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago laguna jarraitzeko, hark nahi duen eremura.