Hiru antzezlan izango dira Iruñeko Antzerki Aroan

Dolua, tratu txarrak eta intimitatea ardatz dituzten obrak eskainiko dira.

Oier Zuñigaren Eresia antzezlanarekin hasiko da bihar Antzerki Aroa. Antzezlan honetan Anak bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre joango dira, baina ez batak eta ez besteak ez du jakingo hiru izango direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. 

Obra honek errituak berreraikitzea du xede, dolua landu eta osatzeko. Galera baten aurrean dauden gizarte-errituei heltzen die, baina baita barruko prozesuari ere, esparru pribatura mugatua. Taula gainean sinbolismoarekin eta estetikarekin jolas egiten du, komunitatean heriotzak suposatzen duen minari buruz kolektiboki hausnartzeko aukera emanez. 

Azaroaren 2an, Maialen Diaz Urrizak eta Mikele Urroz Zabalza aktoreek sortutako Lore More Konpainiak Trapu zikinak taularatuko du. Euskal Herriko arropa-ikuztegiei buruzko sormen kolektiboa da, trapu zikinak etxean garbitzen direla dioen esaera zaharrari kontrajartzen zaiona. Ikuztegiak espazio publikoak eta topaguneak izan zirenez, intimitatearen ideiari heltzen diote obran, eta omenaldia egiten die "joan den mende erdialdera arte, izerdi eta barre artean, haien eskuekin igurtziz familia osoaren arropako orbanak kentzen zituzten emakumeei, isiluneak eta adiskidetasuna partekatzen zituztenei". 

Azkenik, azaroaren 23an, Boga Boga Konpainiak Behi Jasa antzezlana eskainiko du. Tratu txarren ingurukoa da lana, poesiatik abiatuta eta absurduaren antzerkitik gertu. Antzezlanak genero-indarkeria etengabea den etxe bat irudikatzen du, ‘maite zaitut’ faltsu baten atzean ezkutatzen dena. Carlos Bek idatzi du obra, eta 2017an Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak genero-indarkeriaren zigiluarekin saritu zuen.

Hiru emanaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira, 19:00etan. Sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, zortzi euroan, emanaldia hasi baino ordu eta erdi lehenago.