Hirokazu Kore-eda, Donostia Saria

Aurtengo Zinemaldiko lehen sarituaren izena ezagutu dugu!

Pixkanaka, Donostia Zinemaldiak jarri ditu aurtengo ediziorako motorrak martxan, eta dagoeneko lehen sarituaren izena ezagutu dugu. Hala, jaialdiko sari gorena, hau da, Donostia Saria jasoko du Hirokazu Kore-eda zinema zuzendari japoniarrak.

Zuzendaria aurpegi ezaguna da Zinemaldian, ia etxekoa; lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, eta bi aldiz jaso du Publikoaren Saria. Zinemaren munduari egindako ekarpena aitortuko dio orain Donostia Zinemaldiak, eta  Manbiki kazoku/ Shoplifters filma proiektatuko dute Viktoria Eugenia antzokiko sari banaketa ekitaldian; hain zuzen, Urrezko Palmorria irabazi berri du aurten Cannesen.

Horrela, aurten hamargarren aldiz hartuko du parte Kore-edak Donostia Zinemaldian. Aurretik, Sail Ofizialean lehiatu da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (Milagro, 2011) –gidoi onenaren saria lortu zuen– filmekin; Zabaltegi-Bereziak sailean, Nochi-no-hi / The Days After (2011), eta Perlak sailean, Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013), Umimachi Diary / Our Little Sister (2015), Umi yori mo mada fukatu / After Storm (2016) eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) filmekin.