Hiriaren antolamendua izango da Donostiako Zinemaldi Alternatiboaren ardatzetako bat
Gaiaren harira, EHUko Arkitektura Fakultatean egingo dituzte proiekzioak lehen aldiz.
Donostiako Zinemaldi Alternatiboaren hamalaugarren edizioa ostegunean, hilak 15, hasiko da eta 25era arte iraungo du. Ohiko moduan, kalean eta hiriko gaztetxeetan egingo dituzte emanaldiak, eta, aurtengoan baita EHUko Arkitektura Fakultatean ere. Izan ere, Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua hasi du, eta jaialdiaren antolatzaileen arabera, "zer behar dugun pentsatzeko aukera paregabea da, gutxi batzuen negozioa beharrean, herritarron bizitza babestuko duen hiria elkarrekin hausnartzeko". Hala, hiri ereduari eta hiri gatazkei buruzko ikus-entzunezkoak proiektatuko dituzte eta gaiarekin lotura duten lagunekin solasaldiak egingo dituzte.
Bestelako gaiak ere jorratuko dituzte, hala nola, Poloniako kartzelan preso duten Pablo Gonzalez kazetariarena.Vivir la guerra dokumentala baliatuko dute horretarako, eta bere emazteak, Oihana Goirienak, proiekzio ondorengo solasaldian parte hartuko du. Bestetik, Mikel Zabalzari buruzko Non dago Mikel? dokumentala emango dute.
Hauxe izango da Zinemaldi Alternatiboaren egitaraua:
- Irailak 15, osteguna. Periferia dokumentala eta 17 Santi 17 film laburra (18:30, EHUko Arkitektura Fakultatea)
- Irailak 16, ostirala. En Construcción dokumentala (20:00, Añorgako Harrobiaren plazan).
- Irailak 17, larunbata. En la calle dokumentala (20:00, Trinitate plazan).
- Irailak 18, igandea. Free Pablo Gonzalez – Vivir la guerra dokumentala (20:00, Antiguako Txantxarreko gaztetxean).
- Irailak 20, asteartea. De interés general dokumentala (18:30, EHUko Arkitektura Fakultatean).
- Irailak 21, asteazkena. Belarri bero, bai esan? telesaila (20:00, Sagueseko frontoian).
- Irailak 24, larunbata. Non dago Mikel? dokumentala (20:00, Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko terrazan).
- Irailak 25, igandea. Kasilda, beste pausuen oihartzuna dokumentalaren estreinaldia (20:00, Egiako Gladys Enea parkean).