Hiri santutik gero eta gutxiago Erromak

Erromari "hiri santua" esan ohi diote. Katolikoek, behinik-behin. Beraz, han aita santua etxeko egongelan bezain goxo dabilela pentsa genezake… Ez da egia, ordea. Joan den hilean, Erromako La Sapienza unibertsitatearen ikasturtearen inauguraziora joateakoa zen Benedikto XVI.a, baina bere kontrako giroa zela-eta, bertan behera utzi behar izan zuen bisita. Izan ere, bertako irakasle eta ikasle talde batek gogor salatu zuen Benedikto XVI.aren jarrera, eta haietako batzuek Aste Antiklerikala ere antolatu zuten. Ikasle eta irakasle horien hitzetan, aita santuak dogma anakronikoak babesten ditu, eta pentsamendu askeari eraso ohi dio.