Hinrich Sachs artistak parte hartuko du Donostiako San Telmoren Museo Bikoitza programan
Ikerketa egin, proposamena aurkeztu eta proiektua gauzatzeko urtebete izango du. Amaitutako proiektua museoan ipiniko da.
San Telmo Museoak 2018an jarri zuen martxan Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabalen ideia batetik abiatuta. Urtero artista bat gonbidatzen da aldizkako esku-hartzeen programa egiteko, eta artista horrek proiektu berri baten produkzioan lan egiten du, museoarekin lotuta. Lan horren emaitza denboraldi batez erakusketa programaren barruan egoten da, eta ondoren museoaren arte bildumari gehitzen zaio.
Artista bakoitzak sei hilabete inguru izaten ditu ikerketarako eta proposamena aurkezteko, eta beste horrenbeste proiektua gauzatzeko. Amaitutako proiektua museoan instalatzen da eta proiektua jendaurrean erakusten den urtean, hurrengo edizioko artista hautatu eta lan koordinazioaren konpromisoak bere gain hartzen ditu gonbidatutako pertsonak. Hain zuzen ere, aurreko edizioan parte hartutako Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek osatzen duten bikote artistikoak hautatu du Hinrich Sachs datozen hamabi hilabeteetan Museo Bikoitza proiektuan lanean aritzeko. Aukeraketa egin duten Jaio eta van Gorkumen arabera, "artistak arreta berezia jartzen du globalizazio eta kapitalismo berantiarrak tokiko idiosinkrasia kultural espezifikoetan duen eraginean, eta dagoeneko klasiko bat den Euskal Tipografien Nazioarteko Enkantearen egilea da, 2001ean Consonnirekin elkarlanean burutua. Obra jakin horren artxiboa Madrilgo Reina Sofía Museoko bildumetan sartu zen, hain ukiezinak eta performatiboak diren proiektuen balio kulturala aitortzeko urrats garrantzitsua. Baina artista oraindik ez dago behar bezala ordezkatuta euskal lurraldeko arte garaikideko bildumetan. Huts hori konpontzea espero dugu Hinrich Sachs San Telmo Museoarekin, Euskal Gizartearen museoarekin, lankidetza estuan aritzera gonbidatuz”.
Hinrich Sachs (Basilea, Suitza, 1952) artista eta idazlea da. Haurtzaroa Donostian igaro zuen, eta ondoren arte bisualen inguruko ikasketak egin zituen Hanburgon, Alemanian, eta Parisen. Artistak modu ibiltarian egiten du lan, Mendebaldeko kulturako lanak bariazio lokal eta bereizgarrietara nola eramaten diren aztertzen. Sachsek kapital globalak eta interes korporatiboek ondare kulturalaren eraikuntzan duten eragina aztertzen du, "iradokitzailea eta jostagarria" den ikuspegitik.
Egun, Fog Friend Font. Ways of Doing Multi Lingual Sense (Humboldt Books, Milan 2019) aurkezten ari da, multilinguismoari buruzko argitalpen proiektu transkulturala. Aldi berean, kultura ondare gorpuztuaren gaia ere lantzen ari da Peru eta Danimarkako bazkideak barne hartzen dituen proiektu batean.
Euskal Herrian, Arteleku eta Consonni erakundeekin kolaboratu du. Bere lana San Telmo Museoan izan da ikusgai (Suturak, 2014) eta baita nazioartean ere, hala nola Parisen, Genevan, Stockholmen eta Liman. Suitzako ProLitteris Fundazioak ematen duen Arte Bisualen Sari Nagusia jaso zuen iaz.
