"Hilik al zaude?", Txinan bakarrik bizi diren gazteak ondo daudela ziurtatzeko aplikazioa

Bakarrik bizi direnak ongi daudela ziurtatzeko aplikazioaren erabilera nabarmen handitu da Txinan azken asteotan.

Iazko maiatzean kaleratu zuten Sile Me (Hilik al zaude?) doako aplikazioa, eta une hartan aparteko oihartzunik izan ez bazuen ere, urtarrileko lehen astean gehien deskargatutako ordainpeko aplikazioa bihurtu zen Txinan. Gazte asko bakarrik bizi dira hirietan, eta, bistan denez, erakarri egin ditu aukera honek. Gainera, euro bat besterik ez dute ordaindu behar izan aplikazioa deskargatu eta instalatzeko.

Baina zertarako da izen deigarria duen aplikazioa? Bi egunean behin behintzat bertako botoi handia zapaldu behar du erabiltzaileak,  bizirik dagoela ziurtatzeko. Hala egin ezean, larrialdi kontaktu gisa hautatutako pertsonari email bat bidaltzen diote automatikoki, arazoren bat egon litekeela jakinarazteko eta harekin harremanetan jartzeko eskatuz. 

Txinako Global Times-en arabera, 2030erako pertsona bakarreko 200 milioi etxe izango direla aurreikusten da. Testuinguru horretan, kezka eragiten du norbaitek istripu, eroriko edo osasun arazo bat izan eta inor ez ohartzeak. Hori dela eta, bakarrik lan egiten dutenentzat, lanera edo ikastera etxetik kanpora joaten direnentzat edota bakarrik bizi den ororentzat tresna aproposa izan litekeela uste dute.

Sareetan ere bakardadeak eragiten dituen kezkak antzematen dira txinatarrengan. Bakarrik bizi eta inor konturatu gabe hiltzeak, inori laguntzarik eskatu ezin izateak, gorpua inork ez jasotzeak eta halako egoerek izua sortzen dute, eta horren aurrean aplikazioa erabiltzeko hautua egin dute askok. 

Hori bai, eztabaida sortu da aplikazioaren izenaren inguruan. Izen baikorragoa jartzea proposatu du zenbaitek, esaterako "Ondo al zaude?" edo "Zer moduz zaude?". Aplikazioa sortu duen enpresak kritikak entzun eta izena aldatzeko asmotan omen dabil. Nazioartean Demumu izena du, eta Estatu Batuetan, Singapurren eta Hong Kongen lehen bi postuetan ageri da. 

Gazteen merkatua jota, adinekoengana zuzendu dute orain arreta. Haientzat berariaz diseinatutako produktua sortzea dute buruan.