Hilekoaren festa Indian, tabuak apurtzeko

Misoginiaren aurkako protesta jendetsua egin dute New Dehlin, erlijioarekin lotutako debekuei aurre egiteko.

"Hilekoarekin dagoen emakumea naiz eta harro nago" irakurri daiteke festan sukaldean janaria prestatzen ibilitako emakumeetako baten amantalean. Hain zuzen, Indian erlijioak hainbat ekintza egitea debekatzen die emakumeei menstruazioan, kozinatzea edota tenpluetan errezatzera sartzea kasu. Hilekoaren inguruko tabuak apurtzeko helburuarekin, duela egun batzuk hilekoaren festa jendetsua antolatu zuten New Dehlin, janaria, puxikak, musika eta sekulako giro ederrarekin.

 

Menstruazioa lotsarako eta ezkutuan ibiltzeko kontua da Indiako herrialde askotan, eta neska zein emakumeek sekulako misoginia jasaten dute egun oraindik. Hain zuzen, aurtengo otsailaren 11n, Shree Sahajanand Girls Institute neskentzako unibertsitate erresidentzian lo egin behar zuten 68 neskei biluztea behartu zieten, hilekoa ez zutela egiaztatzeko. Erresidentzia hau Swaminarayan Sampradaya talde hinduak gestionatzen du. Gazteek salaketa jarri zuten, eta Gujurat unibertsitateko arduradunek erresidentziako zuzendaria kaleratu zuten. 

Dena den, herrialdean oraindik emakumeen aurkako praktikak egiten dira hilekoarekin lotuta; Nepalen adibidez, emakumeei etxetik kanpo bizitzea behartzen diete menstruazioak irauten duen bitartean. Ohitura honi chhaupadi deitzen diote, eta legeak debekatzen duen arren, praktikan jarraitzen du. Hala, iaz emakume bat eta bere bi seme-alabak hil egin ziren etxetik kanpo kalean egotearen ondorioz. 


Tenpluan errezatzera sartzeko debeku bat hilekoa duten emakumeei zuzendutakoa.