Hilekoarekin lotutako eskubideak plazaratzeko “Alda dezagun zikloa!" kanpaina jarri dute martxan

Eskubideak ezagutarazi eta haien aldeko inplikazioa sustatzea da kanpainaren asmoa.

Behe Bidasoako Ara!Gorputz kooperatiba feministak hilekoaren bueltako kultura sortzeko helburuarekin egiten du lan 2018az geroztik. Hilekoaren zikloaren inguruko informazioa ematen dute eskoletan eta bestelako espazioetan, hilekoaren kulturaren bueltako materialak sortzen dituzte, eta ikerketak sustatzen eta dibulgazio lanetan ere aritzen dira. 

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna izaki, aste hau aukeratu dute  “Alda dezagun zikloa!” kanpaina martxan jarri eta "eskubide menstrualak ez betetzea indarkeria matxistaren beste aldaera bat dela" aldarrikatzeko. 

Kanpaina honen bitartez, "hilekoaren zikloa desinformazioarekin eta normalizatutako minekin lotzen duen zikloa" hautsi nahi dute. Izan ere, haien hitzetan, "tabuak zaildu egiten du osasunarekin, hezkuntzarekin, hilekorako produktuak eskuratzearekin eta atsedenarekin lotutako eskubideak baliatzea".

01/2023 Lege Organikoak  aitortzen dituen eskubideak plazaratuko dituzte, legea duela ia lau urtetik indarrean egon arren, "batere ezaguna" ez delako eta "betetzen ari ez delako".

Hauek dira legeak aitortzen dituen eskubideak: hilekoaren kudeaketarako produktuak doan eta bitartekaririk gabe eskuratu ahal izango dira espazio publikoetan; merkaturatzen diren produktuen osagaiak publikoak izango dira eta ez dira osasunerako kaltegarriak izango; hilekoaren osasun-arretarako gutxieneko irizpideak ezarriko dira; informazioa autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetara egokituko da; hilekoaren eta menopausiaren inguruko ikerketak bultzatuko dira; estereotipoetan oinarritutako diskriminazioa desagerrarazteko neurriak hartuko dira; menstruazio-arazoek eragindako bigarren mailako desgaitasunak dituzten emakumeei eta hilekoa duten gorputzei desgaitasun tenporala aitortuko zaie; derrigorrezko hezkuntzako ikasketa-planean menstruazioaren osasunari buruzko ikuspegi integrala landuko da; menstruazioaren eta menopausiaren osasuna sustatzeko kanpaina instituzionalak egingo dira, eta zuzenbide, hezkuntza eta gizarte zientziei lotutako titulazioetan hilekoaren eta klimaterioaren inguruko formazio berezitua integratuko da.

Erakunde publikoei neurri zehatzak ezartzeko eskaera
Kooperatibakoek adierazi dutenez, "eskubideek ez dute beren kabuz aurrera egiten: horiek ezagutu eta haien alde inplikatuko diren pertsonak behar dituzte. Menstruazio-eskubideak gizarte osoari eragiten dioten auzi gisa kokatu nahi ditugu, eta kanpainako irudietan hilekoaren fluxu gorria konpromiso partekatuaren marka bihurtu dugu. Eskubide menstrualak betetzea denon ardura baita". 

Kanpaina tarteko, Irunen kartelak jarriko dituzte, esku orriak banatu eta eskubideen berri ematen duen bideoa ere zabalduko dute. Aurrerago, informazioa zabaltzen jarraituko dutela azaldu dute, "eskubide hauek ezagutarazteko eta, esan bezala, indarkeria matxista honekin behingoz amaitzeko".

Kanpainako materiala denon eskura jarri dute, norbanako zein eragileek erabili ahal izateko.