Hilekoa ez da urdina

Eta ez du akrobaziak egiteko gogoa ematen. Zer demontre gertatzen zaie iragarleei?

Ze emakumek ez du sentitu buruz behera jartzeko, itzulipurdiak egiteko edota muturreko kirolak praktikatzeko gogoa hilekoa jaistean? Eta noski, halako jarduera bat egiterakoan konpresak edo tanpoiak ezin du huts egin... emakumeen egunerokotasunaren parte delako edozein unetan egiten ari direna utzi eta akrobata baten pare ibiltzearena. Zer demontretan pentsatzen dute hilekoarentzat produktuak saltzen dituzten iragarleek iragarkiak diseinatzerakoan?

Txikitan hilekoa likido urdin garden bat zela pentsatzen bazenuen, ez zara bakarra; oraindik ere, menstruazioa dena bezala irudikatzeak sekulako tabua eragiten du, ondoren bestelako iragarki eta filmetan odola erakusteko inolako arazorik ez izan arren. Hilekoa gertutik ikusi edo bizi ez dutenek beraz, hauxe da iragarkiekin ikasten dutena; hilekoa urdina da eta emakumeek sekulako energia eta malgutasuna bereganatzen dute "egun horietan" daudenean.


Irudikatzen duzue odol urdina filmetan?

Errealitatea berriz, oso bestelakoa da. Emakume eta hileko bakoitza bakarra den arren, eta beraz, beti prozesua ezberdina den arren, gehienetan hilekoa minekin eta hormona aldaketa nabarmenekin lagunduta dator. Beraz, orokorrean hitz eginda, emakumeek hilekoarekin ez dute aktibitate gogor edota muturrekoak egiteko gogorik izaten une horietan. Iragarkiek kontrakoa diotela dirudien arren, orain arte behintzat tanpoi eta konpresek ez dituzte hilekoaren min eta ondoezak kentzeko ahalmenik garatu.

Bestalde, hilekoa iragarkietan mozorrotzeak kalte besterik ez du egiten; neska edo emakume batek hilekoaren ondorioz galtzak zikintzen baditu oraindik ere sekulako lotsa sentituko du. Eta zer esanik ez tanpoi eta konpresa kontrabandoari dagokionez; noiz arte ibili beharko dute emakumeek produktu hauek ezkutuan erabiltzen?