'Hil arte bizi', Ilargi musikariak doluaren inguruan sortutako hirugarren diskoaren aurrerapen kantua kaleratu du

Minbiziak eragindako doluaren inguruko abestia da, eta Ines Osinagak eta Marina Landak hartu dute parte ahotsetan.

Ilargi musikari lezoarrak hirugarren lana argitaratuko du azaroan eta lehen aurrerapen kantua zabaldu berri du gaur: Hil artean bizi. Kantua Izan Iñurri Elkarteko zenbait kideren testigantzetatik abiatuta sortu du, minbiziak eragiten duen doluaren inguruan hausnartzeko.

Musikariaren aita hil egin zen 2022an eta orduan ohartu zen "gizartean doluaren inguruan eraikia dagoen tabuaz". Sorkuntza berri hau gauzatzeko ikerketari heldu zion orduan, eta, besteak beste, egungo gizartean hain ohikoa den minbiziaren gaia jorratzea erabaki zuen.

Izan Iñurri elkartearekin harremanetan jarri zen haien testigantzak jasotzeko, eta Elena Guinea eta Eba Tomasekin izandako elkarrizketetatik kantuaren muina atera zuen: errutinaren haustura, bizitzaren ikuspegi aldaketa, hutsuneak eta, aldi berean, Iñurrik eskaintzen dien babesa eta kolektiboa.

Elkartearen “Hil arte bizi” esaldiarekin jolastuz sortu zuen kantuaren lema, "heriotza ekintza artistiko bilakatuta eta ekintza horretan bizitzearen balioa azpimarratuta".  Ilargik azaldu duenez, “oso prozesu aberasgarria izan da niretzat. Asko ikasi dut bizitza eta heriotzaren inguruan. Heriotza denoi iritsiko zaigu, askotan kontziente ez garen arren. Horregatik, azken momentura arte bizi behar gara: Hil artean bizi". 

Abestia Haritz Harreguyk grabatu eta nahastu du bere estudioan. Perkusioan Mikel Zubiria aritu da, gitarretan Manu Moro eta elektronikan Ilargi. Ahotsetan, berriz, Ines Osinagak eta Marina Landak hartu dute parte. Hitzartzean berriz, kantuaren protagonistak aritu dira: Elena Guinea Elenita eta Eba Tomasena.

Irudiekin jantzitako kantua
Bideoklipa ere badu kantuak. Film laburraren itxura du eta bertan minbiziaren diagnostikoa jasotzen duen ama baten istorioa kontatzen da, "une zailak alabaren goxotasunean igarotzen dituela". Amaieran, berriz, Iñurri elkartearen iñurritegiaren sostengua irudikatu dute.

Bideoaren gidoia, errealizazioa eta muntaia Jon Alberto Lejardik egin du, eta aktore lanetan Elenita eta haren iloba, eta Lur Serrano aritu dira. Izan Inurri elkarteko kideak ere badira bideoan.