Hiesa: Gazteon kontua ere bada
Gazteok informazio asko daukagu hiesa izeneko gaixotasunaz, baina ez ei dakigu informazio hori erabiltzen. Edo ez dugu gura. Sarri, "guri ezin zaigula horrelakorik gertatu" uste dugu. Eta askotan, paso egiten dugu kondoiaz, edo ez gara ausartzen gure bikoteari "txanoa" ipintzeko eskatzera.
Hiesa agertu zenetik, gaixotasuna hartzeko arrisku handiagoa daukaten taldeez berba ugari egin da: harreman homosexualak dauzkaten pertsonak, droga xiringa bidez hartzen dutenak .
Zientziaren ikuspegitik, egia da zenbait jardunek GIB (Giza Inmunoeskasiaren Birusa, edo ihesaren birusa) hartzeko arrisku gehiago dakartela esaterako, errazago har daiteke GIBa uzkitik egiten den penetrazio batean, baginatik egiten den batean baino-. Hala ere, "arrisku handiko talde eta jokabideak" etengabe azpimarratze horrek bi ondorio kaltegarri izan ditu.
Batetik, iada baztertuta zeuden giza-taldeak heroinazaleak, adidibez- gehiago baztertzeko joera eragin du. Bestetik, "ganorazko" jendearengan hiesarekiko halako urruntasuna sortu da. Ondorioz, sexu harreman homosexualik ez duen pertsona batek, edo droga xiringa bidez sekula hartzen ez duen batek, konfiantza gehiegizkoa hartu, eta esan dezake: "Niri ezin zait hori gertatu, persona `normala´ naiz eta ", edo "horrek zelan edukiko du hiesa, ez dauka itxura arrarorik eta?".
Gazteak: arrisku taldea
Gaur egun, harreman heterosexualak dira GIBa transmititzeko biderik ohikoena. Benetako arriskua ondorengoa da: norbaitegaz oheratzea GIBa daukan ala ez jakin barik, eta hartu beharreko babes-neurriak hartu barik sexu harremanetan, kondoia erabili behar da beti!-.
Zentzu horretan, gazteak arrisku-taldetzat jo daitezke, edo hala uste du behintzat Arantza Arrillagak, Osakidetzako Hiesaren Kontrol eta Prebentzio Planean beharrean dabilen soziologoak: "Bateko, gazteek arrisku guztiak mespretxatzen dituzte, GIBaz kutsatzeko arriskua barne. Besteko, gazteak orain dabiltza euren lehen sexu-harremanak edukiten, askotan sexualitatearen gaineko heziketa egokirik barik, eta okerreko usteak dauzkatela. Gainera, arrunta izaten da bikotekidea sarritan aldatzea, bakoitzagaz denbora labur bat emanez. Faktore horiek guztiek arrisku-talde bihurtzen dituzte gazteak".
Informazio gehiegi?
Informazioa egon badago. Beharbada larregi, batzuen ustez. "Eta azkenean, gauzak nahastu egiten dira", diosku Alvaro Ortiz de Zarate T-4 elkarteko zuzendariak. Gisa horretara, gazte askok nahastu egiten dituzte sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG), haurdun geratzeko arriskua, eta antisorgailuak eta ez dira gauza bera.
"Gazteek ez daukate argi zerk balio duen sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG) saihesteko, eta zerk haurdunaldia eragozteko diosku Alvaro Ortiz de Zaratek-. Adibidez, ez dakite `biharamuneko pilula´ ahal den gutxien erabili behar dela, eta alde horretatik, ezin dela haurdun ez geratzeko hartzen den pilula bezala erabili".
Ortiz de Zaratek oso muturreko adibide baten berri eman digu: "Behin batean,`biharamuneko pilula´ 21 aldiz hartu zuen 16 urteko neska topatu genuen". Behar bada, aipatutako hori ez da adibiderik egokiena, baina argi erakusten du nerabeek ez dituztela kontzeptuak ondo bereizten. Haurdunaldia eta sexu bidez transmititutako gaixotasunak, sarri, nahastu egiten dira. "Askok multzo berean sartzen dute dena. Esaterako, uste dute haurdun ez geratzeko pilula hartuta, ez daukatela GIBaz kutsatzeko beldurrik".
Antza denez, gazteok haurdunaldiak baino ez gaitu kezkatzen. Hiesa eta sexu bidez transmititutako gainontzeko gaixotasunak, aldiz, sekula gertatuko ez zaizkigun beste mundu zerbait iruditzen zaizkigu.
Azken urteotako estatistikek kontrakoa diote, ordea. Sexu bidez transmititutako gaixotasunek gora egin dute gazteen artean, eta baita GIBaren sexu bidezko kutsatze kopuruak ere. 2003an, esate baterako, GIBaren kutsatze guztien %8 inguru 24 urtetik beherakoei zegozkien. Portzentaje handiegia, adituen berbetan.
"Lehen ez bezala, kutsatze gehienak harreman heterosexualen bitartez gertatzen dira", diosku Alvaro Ortiz de Zaratek; "eta batez ere, 26 urtetik beherakoetan eta emakumeengan izan da igoera". Sexu harreman horietan kondoia erabili izan balitz, kutsatze horiek ez ziren gertatuko.
Kondoiaren garrantzia ezagututa, gazteek zergatik ez ote dute beti preserbatiboa erabiltzen? "Nik ez nuke preserbatiboaren aurkako kulturaz berba egingo, azpitalde gay batzuen barruan izan ezik", diosku Alvaro Ortiz de Zaratek. "Arazoa bestelakoa da. Batetik, prestakuntza falta da. Bestetik, gazteek unean uneko bikotekideagaz negoziatzeko ahalmen gutxi izaten dute. Batzuetan, parranda bateko beroaldiaren ondorioz gertatzen da sexu-harremana: batzuek denetarik hartu dute ordurako, eta ez dute gehiegi pentsatzen zertan dabil-tzan ".
Preserbatiboa negoziatzen irakatsi
Gaur egun, hamaika prebentzio-programa egiten dira ikastetxeetan. Gutxigorabehera, denak ildo beretik doaz. Hasteko, hiesaren eta GIBaren gaineko informazioa sexu-heziketa orokorraren barruan sartzen dute.
"Informazioa ez da nahikoa. Gazteek tresnak behar dituzte euren jarrerak aldatzeko, eta batez ere preserbatiboaren erabilera negoziatzeko", dio Miguel Angel Ruizek, Arabako Hiesaren Kontrako Hiritar Batzordeko presidenteak.
Horregatik, elkarte horrek Araba osoan ematen duen programan, rol playing izeneko ekintzak garatzen dituzte. "Antzezlan txiki bat da; gelako neska batek eta mutil batek euren lehen sexu-harremana zelakoa izango den negoziatzen dute: zer babes-neurri erabiliko duten, eta abar. Azkenean, kontu interesgarriak ateratzen dira beti: zalantzak, ordura arte ez zekizkiten gauzak ". Elkarte gehienen prebentzio-programetan egiten dira horrelako ekintzak.
Ikastetxe batzuen oztopoak
Horrez gain, prebentzio-programek antisorgailu guztien gaineko informazio teoriko eta praktikoa ematen dute. Hau da, antisorgailua ondo erabiltzen irakasten dute; beti ere argi utzita, sexu bidezko transmisioak sahiesteko modu bakarra kondoia dela.
Arlo honetan, arazoak sortu izan dira zenbait ikastetxetan. Alvaro Ortiz de Zaratek dioenez, "ikastetxe batzuek ez dute ezta berbalditxoa ematea gura. Beste batzuek berbaldia ematea nahi dute, baina kondoia ez dute erakutsi gura. Beste zenbaitek kondoia zelan ipini azaldu bai, baina ikasleei ematerik ez dute gura ".
Dena dela, ikastetxe gehienek ez dute oztoporik ipintzen. Miguel Angel Ruizek, esaterako, zera diosku: "Ikastetxe erlijiosoek ere deitzen gaituzte. Egia esan, Arabako ikastetxe gehienetara joaten gara, eta ez da arazorik izaten. Joan aurretik azaltzen diegu zer egingo dugun, eta badakite kondoiak banatuko ditugula ikasleen artean, eta zakil baten protesia aterako dugula, zelan ipini azaltzeko. Prebentzio-programak atal hori ere badauka, eta hartu gura duenak osorik hartu behar du".
Sexu bidez transmititutako gaixotasunak (STG)
- Ihesa: sexu bidez transmititutako gaixotasunik ezagunena da. Gaur egun, milioika lagun daude munduan gaitz horrek jota. GIBak (Giza Inmunoeskasiaren Birusak) eragiten du ihesa. Pertsona bat seropositiboa dela esaten denean, pertsona horrek GIB birusa duela esan nahi da.
- Gonorrea: Bagina, uzki edo aho bidezko sexu-harremanen bidez har daiteke. Sintoma arruntenak baginako fluxua handitzea, zakilean jariakinak agertzea, edo txiza egitean mina sentitzea dira. Kasuen erdian, baina, ez da sintomarik egoten. Antibiotikoakaz sendatzen da.
- Sifilia: Hasieran, minik ematen ez duen batzutan ikusi ere ez da egiten- ultzera bat agertzen da kutsatutako gorputz-atalean (genitalak, ahoa edo uzkia). Gero, sintoma ugari agertu daitezke urteetan zehar. Antibiotikoakaz sendatzen da. Heriotza ere eragin dezake, garaiz aurre egiten ez bazaio.
- Chlamydia: Gonorrearen antzeko sintomak dauzka, eta gonorrearen modu berean igarotzen da pertsona batetik bestera. Gainera, gonorrearekin gertatzen den bezala, gaixoen erdiak ez du sintomarik igartzen. Antibiotikoakaz sendatzen da.
- B hepatitisa: Gibelari modu kronikoan erasotzen dion birus batek sortzen du, eta zirrosia eta gibeleko minbizia ere eragin ditzake. Odol nahiz sexu bidez kutsatzen da. Gaur egun, B hepatitisaren aurkako txertoa ematen zaie ume guztiei, Euskal Autonomia Elkartean behintzat.
Erabili kondoia eta erabili ondo
Sexu bidez transmititutako gaixotasunik ez harrapatzeko, kondoia erabiltzea da onena. Kondoia ganoraz "janzteko" ez da derrigorrezkoa karrera amaituta edukitzea; baina, hala ere, komeni da aholku batzuk kontuan hartzea. Hona hemen batzuk:
1-Ez erabili kondoirik, kondoiaren zorroan adierazitako iraungipen-data igaro eta gero.
2-Kondoia ez eraman diru-zorroan, ezta txanpon edo giltzen ondoan ere, apurtu egin daiteke eta. Beroak, argiak eta hezetasunak kondoia honda dezakete.
3-Ireki hatzamarrez, ez hortzez.
4-Zakila tente dagoela ipini, edozein penetrazio hasi aurretik, beti ere. Barruan airerik gera ez dadin, estutu muturra zabaldu baino lehenago.
5-Lubrifikatzailerik erabiltzekotan, ez daitezela koipetan disolbagarriak izan, uretan disolbagarriak baizik. Lehenengoek kondoia kaltetzen dute.
6-Kondoia kentzeko, behetik eutsi zakilari, oraindik tente dagoela.
Prebentzio kanpainak
Erakunde publikoek prebentzio kanpaina asko antolatzen dituzte hiesaz informazioa emateko.