HerrikoFest jaialdiaren lehen edizioa egingo dute Zeberion
Hamabost kontzertu, bi mahainguru, dantza-emanaldia, bertso-saioa, erakusketak, bertako ekoizle eta artisauen azokak, eta janari eta edari dastaketa izango dira besteak beste.
Zelako Kultur Ideiak elkarteak ZeberioK0 antolatu du gaurtik igandera bitarte, Zeberion ospatuko den HerrikoFest jaialdiaren lehen edizioa hain zuzen ere. Euskal Herriko landa-eremuetako ekosistema kulturalaren aberastasuna balioan jartzea du helburu, "bertan diharduten eragile eta sortzaileen dinamizazioa eta berrikuntza sustatuz". “HerrikoFest kilometro zero markadun proiektua da, bertakoa, etxekoa, erditu berria, herriarentzat eta herriarekin egina, kultura erein eta uzta jasotzeko pentsatua”, azaldu dute antolatzaileek.
Gaur, jaialdiari hasiera emateko, 17:00etatik 19:00etara, “Zeberio Kantuz” bideoklipa grabatuko dute Zubialde auzoko aparkalekuan dagoen karpan. Bertako herritarrek eta eragileek Zeberiorentzat espreski sortutako abesti eta koreografia bat dantzatu eta abestuko dute. Igandean, bideokliparen proiekzio publikoa egingo da, 12:30ean.
Bestetik, 19:30ean, dantza-emanaldia izango da Etzanderak taldearekin. 21:00etan, kontzertuak hasiko dira: Basatitiak, Maria Rivero, Green Valley, eta Woman Soldier.
Mahai-inguruak bihar
Jaialdiak hausnarketarako eta eztabaidarako gunea izan nahi duela ere nabarmendu dute. Hori dela eta, mahai-inguruak izango dira larunbat goizean, Hogar izeneko aretoan. “Kolektiboa landa-eremuan” gaiaren inguruan solasaldian arituko dira honako hauek: Maskilu, Arratia-Nerbioiko baserritar eta ekoizleez osatutako kontserbera kolektiboa; Faktoria, Aiaraldeko gizarte ekimeneko irabazi asmorik gabeko kooperatiba; eta Errigora, Nafarroa hegoaldeko ekimen herritarreko hiru ordezkari. Mahai-ingurua Xabier Madariagak gidatuko du, 10:30etik 12:00etara. Ondoren, 12:15etik 14:00etara, “Artearen eginkizuna landa-eremuetako gizarte-kohesioan” izenburupean, esperientziak eta hausnarketak partekatuko dituzte esparru honetan erreferenteak diren hiru elkarteetako kideek: Muturbeltz, Karrantzako ardiaren alde lan egiten duen elkarte agroekologikoa eta artistikoa; MAR, Aragoiko landa-inguruneko emakume artisten eta artisauen plataforma, eta DAR, Valentziako komunitateko emakumezko artista bisualak bateratzen dituen elkartea. Hau ere Madariagaren gidaritzapean izango da.
Mahainguruak jarraitzeko aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko dutela jakinarazi dute eta adin txikikoentzat zaintza zerbitzua izango da dohainik. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira hitzaldiak zuzenean www.herrikofest.eus wegunean.
Azoka, bertso saioa, tailerra eta musika
Azoka egingo dute bihar, 10:00etatik 15:00etara, Arratia bailarako artisauen eta ekoizleen produktuak ezagutu eta erosteko. Aldi berean, 11:00etatik 13:00etara, Hekthor Folk musikari gasteiztarraren tailerra izango da. Erritmoaren garrantzia azalduko du lehenik, eta ondoren, perkusio instrumentu tradizional nagusiak erakutsiko ditu. Ikusleek musika-tresnak gertutik ikusi eta jotzeko aukera izango dute. Bertso saioa izango da ondoren, 14:00etan, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Xabi Payá eta Peru Abarrategi bertsolariekin.
Gero, 17:00etan, Orkresta Elektrotuna-k herriko kaleak animatuko ditu perkusio, haize eta gailu elektrikoen bidez. 20:00etan hasiko dira kontzertuak karpan: Janus Lester, Skabidean, Amparanoia eta Bad Sound System.
Igandean, tailer ibiltaria
Brujas 2.0 tailer ibiltaria egingo dute igandean, 11:00etatik aurrera. Zeberioko inguruetan jaiotzen diren sendabelarrak ezagutuko dituzte, haien ezaugarriak eta onurak, eta egunerokotasunean dituzten aplikazioak. Eguerdian, 12:30ean, Zeberio Kantuz bideoklip herrikoiaren proiekzioa izango da karpan, eta argazki-lehiaketaren sari-banaketa egingo da. 13:30ean, Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak Odola Kantari lan berria estreinatuko dute. 17:00etan, Burbuilak taldearen kontzertua izango da eta, 18:00etan, SÉS.
Erakusketa
Margo eta eskultura erakusketa egongo da ikusgai Zeberioko Udaletxeko batzar aretoan. Bertan, Iker Mugarra Zeberion bizi den Trapagako sortzailearen pintura errealistak, Nieves Barrenetxea bilbotarraren margolanak eta Jabi Putxetas zeberioztarraren eskultura-lanak ikusi ahal izango dira.
Kontzertuetarako sarrerak
Eguneko jarduerak doakoak izango dira, jende guztiari irekiak. Arratsalde-iluntzean hasiko diren kontzertuetarako, berriz, eguneko sarrerak edo asteburuko bonoak erosi beharko dira www.herrikofest.eus jaialdiaren webgunean, Musikaze plataformaren bidez. Bertaratzeko, autobusak jarriko ditu antolakuntzak Ugao, Igorre eta Arteatik.