Hernaniko euskal komikiaren azoka azaroaren 20an eta 21ean egingo dute
Zaldieroa komikigilea omenduko dute aurtengoan, eta ohiko moduan, komiki aurkezpenak ere izango dira.
Hernanikomik euskal komikiaren azokaren bosgarren edizioa azaroaren 20an eta 21ean izango da, Hernaniko Atsegindegi plazan. Komikigintza erdigunean jarriko dute eta bi eguneko azokan argitaletxeen postuak, komiki aurkezpenak, sinatze-saioak, zuzeneko marrazketa, omenaldia eta erakusketa antolatuko dituzte, besteak beste.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurkeztuko diren komiki gehienak udazkeneko berritasunak izango dira. Besteak beste, honako egile hauek aurkeztuko dituzte haien lanak: Unai Iturriaga eta Sanvi, Saioa Maritorena, Jon Alonso, Ainara Azpiazu, Begoña Durruty, Garazi Albizua eta Olga Carmona. Postuei dagokienez, beste batzuen artean, Elkar, Gaueko, Harriet, Hernani Errotzen, Luterl taldea eta Xabiroi izango dira azokan.
Aurten, Patxi Huarte Zaldieroa omenduko dute. Joseph Camino sariaren bidez egingo diote aitortza euskal komikigile ezagunari. Antolakuntzan aritzen den Dani Fano komikigilearen hitzetan, "Patxi Huartek komikigile gisa jasoko duen lehenengo aitortza da. Zaldieroa komikigilea baino askoz gehiago da: bineta bidez zabaltzen du bere pentsamendua, sintetizatuta. Bazen garaiak komikigintzatik aitorpena egiteko". Haren lanaren inguruko erakusketa ere zabalik dago Biteri kultur etxean, azaroaren 25era arte.
Bertso-afari marraztua ere izango da azaroaren 20an, Santa Barbara elkartean. Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi bertsotan ariko dira, Amaia Carrere eta Exprai marrazkiak egiten , eta Asisko Urmeneta gai-jartzaile eta gidari lanetan. Txartelak azaroaren 16ra bitarte salduko dira Biteri kultur etxean, 25 euroan.
Bestetik, Dzirt-dzart zuzeneko marrazketa saioa ere egingo dute azaroaren 21ean, Asisko eta Eider Eibarrekin, Axpik gidatuta.
Aurrez, komiki azoka girotze aldera, herriko komertzioetako erakusleihoak margotuko dituzte zortzi komikigilek. Horrez gain, Buruntzaldea eskualdeko udal liburutegietan, euskal komikia irakurri eta gomendioak egiten dituzten irakurleen artean zozketa ere jarri dute martxan.
Azokaren ordutegia honakoa izango da: 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara. Egitaraua hemen kontsulta daiteke.