Hemen da IX. Gernikako Lekuek jaialdia

Gernikako jaialdi bereziak bederatzigarren edizioaren programazioaren zati bat aurkeztu berri du. Jaialdi boluntario eta autogestionatua martxoaren 12tik 19ra bitartean ospatuko da, eta bertan egongo dira, besteak beste, ZA!, Verde Prato, Merina Gris eta Acid Mess taldeak, beste askoren artean.

Euskal Herriko urteko lehenengotariko jaialdiak IX. edizioa ospatuko du 2022an, martxoaren 12tik 19ra bitartean, beti bezala Gernikako hainbat lekuetan. Kaleak, Astra, Iparragirre Rock Elkartea, Kult Parnaso eta Lizeoa izango dira Lekuek Festibaleko kontzertu eta jarduerak hartuko dituzten agertokiak. Kontzertu, hitzaldi, disko eta arte azoka, DJ, tailer, erakusketa eta beste jarduera gehiago baieztatzeke daude oraindik. 

Jaialdi autogestionatu eta boluntarioak bere manifestu poetikoa aurkeztu du, "aurten desberdina denaren ikusgarritasunean fokua jarriz, uniformetasunak dakarren infernuaren aurka". Kultura aldarrikatzeko astea izango dela adierazi dute antolatzaileek, "non segurtasun-neurri guztiak errespetatuko diren, emozioanalak ez diren bestelako kutsatze guztiak saihesteko”.

Antolatzaileek edizio berri honetako grafika ere nabarmendu nahi izan dute. Urtero bertako artista ezberdin batek diseinatzen du, eta 2022an Iparragirre-ko bazkide, musikari eta tatuatzaile den Martintxo-ren txanda izan da (@martintxo_tat).

Bonuak (25€) formatu fisiko zein digitalean salgai daude jada jaialdiaren webgunean, baita Gernikako Astra, Aterpe eta Ospa Tabernan ere.