Hego Koreak 450 euro ordainduko die gazte bakartiei etxetik atera daitezen

Hego Korear gobernuaren azken politika ez da krisi klimatikoan edo ekonomikoan erdiratzen, baizik eta gazte bakartietan.

Milaka gazte korear daude etxean, bertatik atera gabe, eta hau sekulako buruhaustea da gobernuarentzat. Gazte hauek etxetik ateratzera animatzeko 449 euroko subsidioa eskaintzen hasi da. Neurria deigarria da, baina badu bere logika. 

Neurria Hego Koreako Genero Berdintasun eta Familiaren ministerioak iragarri du. Honen helburua argia da: etxean itxita bizi diren adin txikiko korearrei berriz ere gizartean txertatzen laguntzea.

Hainbat proposamen planteatzen ditu horretarako, baina deigarriena hilabetero jasoko duten diru-laguntza da. Hilero gazteek 650.000 won (449 euro) eskuratu ahal izango dituzte euren isolamendua utzi eta etxetik ateratzen badira. Hori bai, zenbait baldintza bete behar dira dirua eskuratzeko: 9-24 urte bitarte izan eta diru-sarrerak batezbesteko nazionalaren azpitik dituen familia batean bizitzea. 

Helburua, Kim Hyun-sook ministroaren esanetan babes soziala behar duten eta krisian dauden gazteei laguntzea da "ekonomikoki eta sozialki garapen osasungarria" izan dezaten. 

Neurri hau beste neurri askorekin batera iragarri zen 2022ko azaroan, bertako gazteen osasun emozionala zaintzeko, hezkuntzan babesa eduki dezaten eta lan aukerak bermatzeko. 

Laguntzen artean, nerabeak lotsarazi ditzakeen orbainak zuzentzeko esku-hartzeak ere ordainduko lirateke, edo eskolarako materiala, beste gauza askoren artean. 

Agintarien datuen erabera 19-39 urte bitarteetako hegokorearren %3,1 bakartiak dira eta isolatua bizi dira, errealitatetik deskonektatuak eta "bizitza normal" batez gozatzeko zailtasunak dituzte. Ikerketen arabera, isolamendu kasu hauen %40 nerabezaroan hasi zen garatzen, horregatik zuzendu zaizkie neurri hauek, batez ere, nerabeei.