Hegazkinek zeruan uzten duten arrastoak klima aldatzen du

CO2 emisioek baino eragin handiagoa dute.

Begiratu zerura. Zenbat marra zuri zenba ditzakezu? Dagoeneko ohituak gaude zeruaren urdintasuna ehunka hegazkinek utzitako zertzeladekin margotuta ikustera. Bada jakin erregaien CO2 isurketek baino eragin handiagoa dutela klima aldaketan. Hodei artifizialak dira, baina errealak, eta ez lukete zeruan egon beharko.

Kondentsazio arrasto horiek hirukoiztu egingo dira 2050 urterako, baina egun dagoeneko hasi dira kliman eragiten. Alemaniako Gune Aeroespazialean lan egiten duten bi fisikarik aztertu dute hegazkinek eragindako hodei artifizialen eragina, eta ondorioztatu dutenez, negutegi efektuko gas emisioek baino azkarrago aldatzen dute klima. contrail izenez ezagunak dira hodei horiek, eta honela azaldu du ingurugiroan duten eragina Lisa Bock ikerlariak: "Gizakiak eragiten duen radiazioaren %5 hegazkinen jardunetik dator, eta portzentaia horren %45 contrail horiek eragiten dute".


a) irudian, hegazkin arrastoen eragina 2006ean. b) irudian, aurrikusitako arrastoen eragina 2050ean. c) 2050erako aurrikusitakoa berotze globalarekin lotuta. d) 2050erako aurrikustiakoa hegazkinen motorrak hobetzen badira.

Baina, zer egiten dute zehazki contrail horiek? Halako hodei motak izotzez eginak daude, eta ez kondentsatutako urez. Horregatik, hotzari ihes egiten uzten diote, eta beroa aldiz harrapatu. Horregatik, beroketa klimatikoan eragin nabarmena dute. Bestalde, hodei horiek badute beste efektu negatibo bat; aireko ura harrapatzen dutenez izotza sortzeko, hodei naturalen sorketa ekiditen dute. Hala, pixkanaka zeruko hodeiak ordezkatzen doaz; baina adi, hegazkinek utzitako arrasotek ez baitute hodeien funtzioa betetzen. Ikerketaren arabera, egun zeruaren %0.61 contrail horiez estalita dago, baina trafiko gehien duten inguruetan nabarmen igotzen da portzentai hori; hala, Europako zeruaren %2 hegazkinen arrastoek estaltzen dute, eta AEBetako portzentaia %10 da.