Hazparneko Ttattola gaztetxea itxiko dute

Jabeak lokala berreskuratu nahi duenez Ttattola gaztetxeak ateak itxiko ditu 2020ko urtarrilaren 31n.

Sare sozialen bidez zabaldu zuten berria: “Ttattola hil da, aupa Ttattola!”. 2020an adin nagusi bihurtuko den gaztetxea, 18 urteko ibilbidearekin, itxi egingo da. Bertako kide batek aipatu duenez jabe pribatuak egoitza berreskuratzea erabaki du. Horren sinple eta horren gordin.

Berri Txarrak taldearen Beude abestian agertzen den gaztetxe mitikoari beraz, egun gutxi geratzen zaizkio agur esateko. Oraingoz, bertan dabiltzan gazteek ez dute lokal berririk aurkitu. Halere, esan dutenez animazioak antolatzen jarraituko dute.

Urte guzti hauetan Ipar Euskal Herriko gaztetxeen mugimenduan eredu izan da Hazparnekoa, leku garrantzitsua zinez. Argitaratu duten agirian gaztetxearen ibilbidearen errepasoa egin dute eta baita eskerrak eman ere: "Milesker Ttattola sortu eta biziarazi duzuen guziei. Bere paretak hitz goxoz eta kolorez margotu dituzuen artistei. Bere eszena izerdiz ala ingurua pixez busti duzuen ameslariei. Bere lurreko errauts bakoitza milikatu duzuen mozkorrei. Pailazo, hizlari, musikari, antzerkilari, bazkide, langile, militante, euskaldun eta beste herrialdeetako guziei".

Halere, Ttattolak inoiz baino bizipoz gehiagorekin itxiko ditu bere ateak. Hainbat animazio antolatzeko prest agertu baitira bertako gazteak eta bertan parte hartzeko deialdia luzatuta dago: "Zuk ere, Ttattolaren oholtza azken aldi batez irauli nahi baduzu, igor mezu bat!" Azaroaren 29an jada Laparretan, Tristtan Mourguy, Horeba, Antton Larrandaburu & Bitxiloreak eta Entrexatak kontzertuak eskainiko dituzte. Hurbildu eta sostengatu!