Haurrentzako telesail daniar polemikoa, 'munduko zakil luzeena' duen protagonistarekin
'John Dillermand' telesaila Danimarkan sortu dute eta haurrei zuzenduta dago, baina polemika piztu du sare sozialetan.
John Dillermand gizon heldua da eta zuri-gorridun marrez hornituriko bainujantzia eta artilezko txanoa janzten ditu. Badu horrekin batera berezitasun bitxi bat; munduko zakil luzeena du, metro askotakoa, eta nahieran erabiltzen du, bai tresna moduan, lehoiak otzantzeko edota helikoptero bezala erabiltzeko. Baina noiz edo noiz zakilak bizitza propioa izan dezake, Dillermand bera arazoetan sartuz.
Hauxe da Danimarkan sortutako haurrentzako telesail honen sinopsia. Lau eta zortzi urte bitarteko haurrei zuzendutako telesaila da, animaziokoa eta umorezkoa; urtarrilaren 2an estreinatuta, telebista kate publikoan eskaintzen dute, eta online ere ikusi daiteke. Variety web orriak dioenez, telesailaren lehen kapitulua 250.000 haurrek ikusi dute soilik 5 egunetan, eta sekulako arrakasta izan du animazioko pertsonaia xelebreak.
Baina Danimarkan normaltasunez eskainitako telesailak hautsak harrotu ditu sare sozialetan; hainbat adituen esanetan, telesailak haurrei zabaltzen dien mezua ez da egokiena, izan ere, bere sexu organoa "kontrolatu ezin duen" gizon heldu bat erakusten du, nahiz eta azkenean jarrera zuzentzen duen. Telesailaren aldekoek diote haurrek beren gorputzaren inguruko kuriositatea eta interes naturala besarkatzen duela, baita lotsa edo zalantzak eragiten dituen gorputz zati horien inguruan. Telesailak haur psikologoen oniritzia jaso du argitaratua izan aurretik.