Haurrentzako album ilustratuak sortzeko Etxepare Sarirako lanak aurkez daitezke maiatzera bitarte
Bakarka edo taldean aurkez daiteke eta nahi beste lan bidaltzeko aukera dago.
Haurrei zuzenduriko album ilustratuak, testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak, sortzeko Etxepare Sariako lanak aurkezteko epea zabaldu dute. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak, moldatu eta argitaratu gabeak eta saririk jaso gabekoak izan beharko dira.
Bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean aurkez daiteke eta egileek nahi beste lan aurkez ditzakete. Azken lau deialdietako batean sari hau jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira.
Albumaren maketa –fisikoa zein digitala- aurkeztu beharko da www.etxeparesaria.eus webgunean dagoen formularioaren bidez. Egileek hala nahi izanez gero, irudi originalak bidal ditzakete posta arrunt bidez epaimahaikideek jatorrizko lana ikus dezaten. Posta arrunt bidez ere aurkez daiteke sariketara.
Lanak aurkezteko epea maiatzaren 10ean, ostiralean, itxiko da. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna ekainaren 28a izango da.
Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.