Haur Literaturako XII. Mikel Zarate Saria abian da
Sei eta hamabi urte bitartekoentzako idazlanak sortu behar dira eta maiatzaren 31ra arte dago bidaltzeko epea zabalik.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak haur literaturako Mikel Zarate lehiaketaren edizio berria jarri dute martxan, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, eta "euskal kulturaren alde lan itzela" egindako lezamar idazlearen oroimenez.
Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, 6-12 urte bitartekoentzat, euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50 izan beharko dituzte lanek. Lehiaketan 18 urtetik aurrerakoek har dezakete parte.
Idazlanak maiatzaren 31ra arte bidal daitezke (Lezamako Udala. Mikel Zarate Saria. Aretxalde, 1. 48196 Lezama) eta hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu gabe, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.
Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Maribel Aiertzak osatutako epaimahaiak ekainaren 30erako hartu beharko du erabakia. 3.000 euroko saria izango du irabazleak eta Elkarrek argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bestelako argibiderik behar izanez gero, Lezamako Udalera edo Elkar argitaletxera jo behar da posta elektronikoz edo telefonoz: liburutegia@lezama.org edo 944556126, eta liburuak@elkar.eus edo 943310267.
