Hau bai kaosa!

Donostiako Surfin Kaos taldeak laugarren diskoa aurkeztu berri du: Goizalde surrealistak. Ohiko bidetik jarraitzen dute Koldo Soretek, David Gilek eta Ibon Etxebestek, hau da rock & rollaren bidetik.


Rock & rolla bai, baina Surfin Kaosek oraingoan soulari eta psikodeliari ere toki egin die. Diskoa "lasaiagoa" atera zaie, Koldo Soret gitarra jotzaile eta kantariaren hitzetan. Zenbait musikarik kolaboratu egin dute diskoan, hala nola Xabik (Señor No). Surfin Kaos 2002an jaio zen eta orain arte Surfin Kaos, Bizzionbizzi eta Tryphylon diskoak kaleratu ditu. Ikusi Surfin Kaosek Bukowski tabernan, lagunartean, aste honetan bertan eskainitako emanaldiaren bideoa.

Donostiako taldea ez da aste honetan diskoa plazara atera duen bakarra. Ipar Euskal Herriko The Sparteensek Grandes Exitos del ayer titulupeko lehen lana aurkeztu du. Bertsioak kantatzen ditu talde horrek.

Bestalde, datorren astean, Kerobiak azken lana aurkeztuko du asteartean: Ontziak. Materia organikoa eta gainerakoak eta Papera eta kartoia lanekin abiatutako trilogia biribildu dute musikari nafarrek.