Harvey Weinstein, errudun (erdizka)
Bortxaketa delitua onartu dute, baina beste delitu larriagoak ez dituzte haintzat hartu, eta beraz, ekoizleak biziarteko kartzela-zigorra ekiditea lortu du.
Gehienez 29 urteko kartzela-zigorra izango du Harvey Weinstein ekoizleak. Leporatutako karguetatik bi onartu dizkio epaimahaiak; lehen graduko sexu delitua (indarrez egindako aho-sexua) Mimi Halyi ekoizpen laguntzaileari egina eta hirugarren graduko bortxaketa delitua (New Yorkeko legearen arabera baimenik gabekoa) Jessica Mann aktoreari egina. Aldiz, ez dituzte onartu gainerako salaketak, hau da, "harrapakarien" moduko sexu erasoen kargua ("harrapakari" terminoak adierazten du sexu erasoak burutzeko akusatuak zuen jarrera), eta beraz, ekoizleak biziarteko kartzela-zigorra ekiditea lortu du. Hala, Hollywoodeko ekoizle boteretsuaren aurkako epaiketan hauxe izan da astelehen honetan James Burke epaileak argitaratutako epaia: akusatua zuzenean Rikers Island-eko kartzelan espetxeratzeko agindua, eta bertan 29 urte igarotzeko zigorra. Gainera, ekoizleak beste epaiketa bat izango du Los Angelsen aurki, 2013an burututako beste bi sexu erasorengatik.
Dena den, Weinstein anbulantzian atera zen epaitegitik, eta espetxeratu beharrean New Yorkeko Bellevue Hospitalera eraman zuten, "bihotzeko arazoren bat" zuelakoan. Dagoeneko ondo dagoela adierazi du bere abokatuak. Akusatuak ez du bere aurkako kargu bakar bat ere onartu, eta une oro defendatu du sexu harreman guztiak "onespenez" egin zirela.
Bere aldetik, #MeToo mugimendua hasi zuen sexu eskandalu honen biktimak 90tik gora dira (eta asko ez dira sekula ezagutuko). Gehienen kasuan, ezin da epaiketarik burutu gertaerak duela urte asko eman zirelako, eta unean emakume horiek isiltzea erabaki zuten, inork ez ziela kasurik egingo sinetsita.