Hartzaro Festibalean murgildu da Uztaritze
Erroak Uztaritzen dituen eta Errobi Herri Elkargoko eremu osora hedatzen den Herri Soinu elkartearen eskutik, negutik udaberrirako jauzia ospatzen duen Hartzaro Festibala abiatu zuten atzo, otsailaren 26an, eta datorren asteartera arte dozena bat ekitaldi aurkeztuko dituzte, artista amateur eta profesionalen lana bultzatzeko.
Hemezortzigarren edizioa du aurtengoa Hartzaro Festibalak, kaleko eta taula gaineko arteen, ohiko emanaldi eta sorkuntza berrien arteko zubia eraikitzen duen Uztaritzeko jaialdiak. Ohiko musika eta dantza gazteei nahiz Iparraldeko herritarrei zabaltzeko helburuz lanean diharduen Herri Soinu elkartea arduratzen da urtero antolakuntzaz, eta inguruetako talde, elkarte eta boluntarioen laguntza izaten du horretarako.
Negutik udaberrirako saltoa ez ezik, inauteriak ere garai honetan izaten direnez, horixe dute ardatz otsailaren 26an hasi eta martxoaren 4ra bitarte luzatuko den jaialdiak. Eta nola ez, izenak berak dioen bezalaxe, hartza izango da protagonista nagusia.
Atsedenik gabe
Hilaren 26an, asteazkena, abiatu zuten egitaraua eta gaur, otsailak 27, Yutak eta Zirt Zart kale ikuskizunak izango dira ikusgai hiribehereko pilota plazan, 19:00etatik aurrera. 20:00etan erromeria egingo dute Larrealde trikitilarien eta Uztaritzeko gaiteroen laguntzarekin.
Dena den, asteburuan pilatu dituzte emanaldi gehienak: larunbatean bertsolaritza, maskarada eta musika izango dira nagusi, genero guztietako melodiak, gainera, hala nola, Selenite taldearen folk doinuak, Nukore gasteiztarren hardcorea eta More Too taldearen underground erritmoak. Igandean, aldiz, dantzan jarriko da herria. Besteak beste, Mauleko Kautere Baletaren Zaharrak eta Gazt(i)k ikuskizuna, Kukai konpainia errenteriarraren Gelajauziak eta 1937 gogoaren bidezidorretatik lanak, eta Iruñeako Duguna taldeak festibalerako beren beregi sortu duen emankizuna eskainiko dituzte. Emanaldi batzuk doakoak izango dira, eta beste batzuen truke 10 eta 13 euro artean ordaindu beharko da.
Azken txanparako, gainera, gaztaina-jana, tango emanaldia eta inauterietako jarduerak gorde dituzte, aste osoko festibalari bukaera ederra emateko. Ez galdu!