Hartz: “Erraiak hustu eta hauekin hitz egitea kostatzen zaigun herria gara”.
Beñat Rodriguez, Jon Barkin eta Jorge Fernadez hirukoteak osatzen du Hartz. Gitarra, baxua eta bateria, ez dute beste elementu gehigarririk behar melodia ilunen bitartez zintzotasuna helarazteko. Argitaratu berri duten euren bigarren diskoaz ("Gaueko", 2019) eta beste hainbat kontuz mintzatu gara eurekin.
Zer aldatu da soinuan zuen lehen diskotik bigarrenera?
Lehenik eta behin soinuaren kalitatea erabat aldatu da. Lehen diskoan DIY (Do It Yourself) formatuaren aldeko apustua egin genuen. Azkoitiako Mataderon gure kabuz aste batean grabatuz diskoa, ezjakintasunetik, horrek dakartzan konplikazio tekniko guztiekin.
Oraingo honetan estudio profesional batean grabatu dugu, Mungiako Abadetxe Sorlekuan, Xabi Agirreren gidaritzapean, eta soinuaren kalitatean asko antzematen da. Lehen diskotik bigarrenera salto handia suposatu du horrek.
Zer ikasi duzue?
Isiltasunari edo isiluneei garrantzia gehiago ematen eta gauzak lasaiago hartzen. Hasiera batean, lehen diskoa grabatu genuenean, uste genuen ezin zuela soinurik gabeko hutsunerik egon, eta bolumenak gero eta altuagoak izatea hobea zela. Xabirekin isilune eta detaileei garrantzia ematen ikasi dugu, intentsitatea eta isiltasuna batera joan daitezkeela ikasiz.
Bestalde, aurreko bateriak utzi zuenean psikosi moduko bat sartu zitzaigun. Gure proiektua fondoko lasterketa bat izango balitz bezala ulertzen hasi ginen eta horrela jarraitzen dugu. Bateriarik gabe gelditzeak gatazka asko sortu zizkigun eta Jorge sartu zenean taldeari ilusio eta arnas berri bat eman zion. Proiektuarekiko gure jarrera erabat aldatu zen eta inoiz baino indar eta ilusio gehiagorekin gaude.
Nola definituko zenukete Gaueko lan berria?
Aurrekoa baino ilunagoa da, Hartz denaren argazki gordin bat. Kantu guztiek dute kide bakoitzaren izaeraren ñabarduraren bat, inoiz baino abesti zintzoagoak eginez.
Zein dira zuen erreferenteak?
Gauzak pasioarekin eta koherentziaz egiten duen edonor da gure erreferente.
Diskoaren izenak erreferentzia egiten die zuen letra ilun eta zorrotzei, hitz zainduak dira. Zenbaterainoko garrantzia du letrak abestiaren azkeneko emaitzan?
Letrak gehienetan abestiak izango duen tonua definitzen du beraz, kantu bati zenbaterainoko pisu musikala emango diogun letrak azpimarratu dezake. Haatik, oso ironia zaleak ere bagara eta batzuetan kontrako ariketa egitea gustuko dugu. Esaterako, Zoriona abestiak oso melodia atsegina du, pop estilora hurbilduz. Hitzei erreparatuz ordea, ironiaz josita dagoela ikusi daiteke, eta izaera baten alderdi nahiko iluna definitzen du. Kontraste horien oso fanak gara.
Zerk inspiratzen zaituzte idazterako garaian?
Gure hitzek egunerokotasunean eta bizipen pertsonaletan dute abiapuntua. Disko honetan adibidez, egunerokotasunean dauden hainbat gai antzeman daitezke (Altsasuko gazteak, Iñigo Cabacasi erreferentzia, astero berrietan entzuten diren jazarpenak, betiko musika taldeen presentzia leku guztietan eta talde txikioi uzten dizkiguten oholtza nimiñoak...), baina badaude barrura begiratzen duten hitzak ere bakardadea, amorrua edo tristura bezalako gaiak jorratzen dituztenak. Erraiak hustu eta hauekin hitz egitea kostatzen zaigun herria gara eta horrek ere inspiratzen gaitu.
Melodia edo abesti on batek zein osagai izan behar ditu?
Melodia edo abesti on bat identifikatzea oso subjektiboa da. Hala ere, barruan klik egitea da gakoa, hori lortzea bilatzen dugu. Abesti batek eduki dezake izugarrizko melodia korapilotsua edo letra zakar bat, baina norberaren barnean zerbait mugitzea da garrantzitsuena. Hori da melodia edo abesti on bat lortzea guretzat.
Euskara hutsez abesten duzue, baina egun euskal talde eta bakarlari gazte askok egin dute euskara eta gaztelania edo euskara eta ingelesa nahasteko hautua. Zer iruditzen zaizue joera hau?
Asaldatu egiten gara kontu honekin. Guk oso garbi dugu euskaraz zergatik abesten dugun, ez da aukera musikal-estetiko bat, horren atzean arrazoi eta zergati bat dago, jarrera bat finean.
Gure letrak modu egoki batean adierazi ahal izateko transmisioa euskaraz egin behar dugu, gure egunerokotasunean hori delako bizitzeko erabiltzen dugun hizkuntza. Absurdoa da ingelesa hautatzea, ingeles batek bere egunerokotasunean euskara aukeratzea absurdoa litzatekeen bezala. Bestalde, gaur egungo euskal musikan dagoen panorama ikusita, bakoitzak egin dezala bere kontzientziak uzten diona.
Diskoaren azalak ere asko zaintzen dituzue, zenbaterainoko garrantzia du diseinuak musikan?
Gaur egun, estetikari garrantzia handia ematen zaio, eta bisualki azken emaitza zaindua egotea asko gustatzen zaigu.
Talde berria zarete, iruditzen al zaizue hasiberriei merezi dituzuen aukerak ematen zaizkizuela?
Guns N`'Roses-ek dioen duen moduan Welcome to the jungle. Asko eskatzen du talde txiki hasiberri bat izateak, aukerak ematen zaizkigu bai, baina aukera horrek irauten dituen 40 minutu horien atzean, toki ezezagun batera doazen erantzunik gabeko 200 mezu daude eta askotan, kalitatea baino, kantitatea gehiago bilatzen da mundutxo honetan.
Oso jende jatorra aurkitu dugu orain arte edukitako ibilbidean, baina taldeen arteko elkartasun gehiago behar dela iruditzen zaigu. Gauza asko esateko dituzten talde txiki asko daude Euskal Herrian.
Erraza al da kontzertuak lotzea?
Lehen esan bezala, mezu asko bidaltzea tokatzen zaigu kontzertuak lotzeko, eta mezu gehienak ez dute erantzunik. Guztia gure kabuz egiten dugunez, asko kostatzen zaigu kontzertuak lotzea, kontaktu faltagatik edo…
Zer aurkituko du zuen kontzertuetara hurbiltzen den norbaitek?
Gure erraien zatitxo bat. Ahal dugun heinean diskoak transmititu dezakeen zintzotasuna transmititzen saiatzen gara zuzenekoetan.
Zein da bigarren disko honekin betetzea gustuko litzaizuekeen helburua?
Zuzeneko ugari ematea, azkenean horretarako sortu genuen taldea, eta ahal balitz Euskal Herritik kanpora ere gure musika zabaldu ahal izatea.
Zer musika ari zarete entzuten azkenaldian?
Estilo desberdinak entzutea gustatzen zaigu, eta hori ere oso positiboa dela iruditzen zaigu. Entzuten ditugunen artean, Nick Caven azken lana, punk, rock eta metal talde ugari... Crudo Pimiento edo flamenkoa ere tartean daude. Aniztasun asko.
Bertako taldeak entzutea ere asko gustatzen zaigu. Etxeko talde batzuk esatearren: Saia Goait, Deus ez, Trini Fox, Uther, Rodeo, Bi zaldi, Pelax, Physis Versus Nomos… gure ustez, pena merezi duten taldeak dira.