Hartu parte 2014ko Nontzefilmak lehiaketan!
Urtero legez, Nontzeberri.com atariko lagunek Nontzefilmak Zinema eta Animaziozko Film Laburren Lehiaketa jarri dute martxan FANT 2014 Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren laguntzarekin. Lanak bidaltzeko epea martxoaren 28ra bitarte izango da zabalik, lagunak!
Zinema eta animaziozko film laburrak atsegin dituztenek irrikaz itxaroten duzuen zita garrantzitsua hemen da! Bai lagunak, zabalik da Nontzefilmak Zinema eta Animaziozko Film Laburren on-line lehiaketaren aurtengo edizioan parte hartzeko epea, eta badakizue, lan txukunak aurkeztu eta zuen maila erakustsi ahal izateko, lehenbailehen lanean jartzea komeni zaizue.
Animaziozko teknika oro baliatuz osatutako filmak onartuko dituzte antolatzaileek, hala nola, 3 dimentsiotako lanak, flashak, edota stop-motionean daudenak. Hori bai, formatu bakarrean aurkeztu behar dira, .flv, eta gehienez ere 25 Mb eta bost minutuko iraupena izan behar dute, kredituak barne. Proiektuarekin batera, berau aurkezteko balioko duen .jpg formatuko irudi adierazgarri bat gehitu behar zaio artxiboari, gehienez ere 50 kb-eko pisua duena.
Euskarazko eta gaztelerazko lanak aurkeztu daitezkeen arren, gaztelerazko audioa dutenek euskarazko azpitituluak gehitu beharko dizkiote; horretarako, antolatzaileen laguntza baliatu ahal izango dute. Eta gaia erabat librea izango da.
Bidalketa
Lanak bidaltzeko epea martxoaren 28ko eguerdiko 13:00ak arte izango da zabalik. Helbide honetan aurkituko duzue formularioa. Dena den, data oraindik urrun badago ere, hobe da laburrak azkar prestatu eta ahal bezain pronto Nontzefilmak atarira igotzea, erabiltzaileek haietaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Lanak aukeraketa batzorde batek aurreikusiko ditu, eta baldintzak betetzen dituztela konprobatu ostean, epaimahaiari helaraziko dizkiete. Honek hiru sari banatuko ditu: Nontzefilmak Zinema Lan Onenaren saria, 1.500 eurokoa, Nontzefilmak Animaziozko Lan Onenaren saria, 1.500 euro, eta Nontzefilmak Euskarazko Lan Onenaren saria, 2.000 euro. Irabazleen izenak eta sarien banaketa ekitaldia FANT 2014 Jaialdian egingo dute, maiatzaren erdialdean.