'Harri, orri, ar' jokoaren txapelketa batean parte hartuko al zenuke?

Ume garaiko jolasa irudituko zaizu beharbada, baina lehiaketak egiten dira munduko hainbat tokitan.

Ziur asko behin baino gehiagotan jolas egingo zenuen lagunekin, eskuekin guraizearen, orriaren edo artazien keinua eginez. Gehienok baztertu egingo genuen ohitura hori urteek aurrera egin ahala. Bada, sekula ez da berandu jolasten hasteko edo jarraitzeko. 

World Rock Paper Scissors Association izeneko elkarteak Harri, orri, ar jokoaren nazioarteko txapelketak antolatu izan ditu. Munduko jokalari onenak bildu izan dituzte eta diru-sari ederrak izan dira gainera. Tokion tokiko ligaxkak eta partidak ere izaten dira oraindik. 

Harri, orri, ar jolasaren sorrera Txinan izan omen zen. Bertan shoushiling deitzen zioten jokoari eta gero Japoniara ere zabaldu zen, janken izenez. Denboraren poderioz, munduan zehar hedatu zen. 

Jokoaren arauak betikoak dira. Jokalariek "1 ... 2 ... 3 ... Harri, orri, ar!"  esaten dute batera (hasierako horretan aldaera ezberdinak dauden arren) eta amaitzean denek batera esku bat erakusten dute, esku-keinu jakina eginez: harria, artazia edo papera. Harriak guraizeei irabazten die, artaziek orri edo paperari, eta paperak harriari.

Moduak modu, jokalariek aldi berean erakutsi behar dute eskua eta ezkutuan mantendu ordura arte. Begietara begiratzea ere komenigarria izaten da eta arbitro bat izaten dute arauak betetzen direla ziurtatzeko.

Lehian estrategiak ere kontuan izan beharrekoak dira. Elkarteak berak hainbat gomendio aipatzen ditu webgunean: arerioa ezagutzea, bere mugimenduak zeintzuk izango diren jakite aldera; txanda bat galduz gero, aurkariak erakutsi berri duen mugimenduari irabaziko dion esku-keinua egitea edo irabaziz gero, aurkariaren egin berri duen esku-keinua erabiltzea; aurkaria despistatzea, itxura bat egin eta beste bat izan dadin mugimendua; aurpegiko espresioetatik ondorioak atera...

Txapelketaren batean parte hartuko al zenuke?